Bertso-paper Lehiaketako aurtengo gaia “Nola azalduko zenioke kanpotar bati nolakoa den Getxo” izan da. Zortziko txikian erantzun behar izan dute parte hartzaileek eta, gainera, eskatutako horren irudia egin ere. Aurreko hiru edizioetan 300dik gora bertso sorta izan ziren. Aurtengo irabazleak Fermin Reinicke (San Nikolas ikastola), Ander Otegi (Romo LHI) eta Aitziber Pulido (Zubilleta LHI) izan dira. Horiekin batera, ikastetxe bakoitzean hainbat sari ere banatu dituzte. Bertsolaritza eskoletan udalerriko ikastetxe eta ikastoletako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako 556 gaztetxok hartu dute parte aurtengoan. Dantza eskoletan, berriz, 1.676 eskola-ume izan dira eta abestiak ikasten 328 gazte.
Bizkaiko Eskolarteko Bertso-Idatzien kanporaketa
Asteazken honetan, maiatzak 11, Bizkaiko Eskolarteko Bertso-Idatzien kanporaketa izango da Algortako San Nikolas ikastolan, ALBEk jakinarazi duenez. Bertan, bertso-eskolan eta eskolaz kanpokoetan dabiltzan ikasleak zein hezkuntza arautuan ikasten dutenek parte hartuko dute. Ordua 15.00etan jarri dute. Finala, berriz, ostiralean egingo dute, 15.00etan, Gernikako Seber Altube ikastolan.
Getxo udalerriko eskola-umeek ostiral honetan, maiatzak 14, ospatuko dute Euskal Egunaren zortzigarren edizioa. Bertan, ikasturtean ikasitako dantza, kanta eta bertsoak erakutsi ohi dituzte 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek. Horrenbestez, hamar ikastetxetako mila haurrek parte hartuko dute, goizeko 10etatik aurrera, Algortako Fadura kiroldegian egingo den jaian. Eskola-umeek Zazpi jauzi, Esku-dantza eta Txulalai bezalako dantzak egingo dituzte eta, kanten artean, "Ala Kinkiri", "Behin Batian Loiolan", "Maritxu Nora zoaz" eta "Guk euskaraz" abestuko dituzte. Bestalde, Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolan, Getxoko Bertsolari Gaztetxoen X. Eguna ospatuko dute goizeko 10:30etik aurrera.