
Ostiral honetan, maiatzak 14, egingo dute
Uribe Kostako bertsolari txapelketako lehenengo kanporaketa, Sopelako Ander Deuna ikastolan. Unai Angulo, Arkaitz Gomez "Arkan", Peio Etxebarria "Bonbero", Itxaso Paya, Imanol Uria eta Inazio Vidalek abiatuko dute lehia, bertan bildutakoekin bapo afaldu ostean. Uria eta Vidal, baina, ez dituzte puntuatuko, gazteegiak direlakoan. Gauzak horrela, oturuntzarako ordua 21:00etan jarri dute. Horrenbestez, bertso-afarirako txartelak salgai jarri ditu jada
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE), 10 eurotan. Horiek eskuratzeko e-posta bidali (
albegetxo[abildua]gmail.com) edo telefonoz deitu (605 704 385) beharko dute joateko asmoa daukatenek. Orotara, hiru kanporaketa izango ditu Uribe Kostako bertsolari txapelketak: lehenengoa Sopelan, ostiral honetan; bigarrena Itzubaltzeta gaztetxean, hilaren 21ean; eta hirugarrena Getxoko Txorimalo gaztetxean, hilaren 28an. Hiruak bertso-afariak. Finala ekainaren 12an izango da, 18:00etan, Algortako Villamonte kultur etxean. Argazkian, Peio Etxebarria "Bonbero" Fikako kanporaketan, orain bi urte.