
Iñaki Uriarte arkitekto bilbotarrak "Plazas del agua. Metamorfosis del espacio portuario en las villas vascas" hitzaldia eskainiko du gaur, arratsaldeko 7:30etan, Algortako Villamonte kultur etxean. Gorrondatxe Kultur Elkarteak antolatuta, hitzaldian pisu handia izango dute irudiek. Izan ere, Baiona eta Bilbo arteko kai, moila eta portuen inguruen eraldaketa azaltzeko, era guztietako irudietan oinarritutako kontakizuna egingo du Iñaki Uriartek. Horrela, besteak beste, argazkiak, antzinako plano eta postalak, margolan eta grabatuen erreprodukzioak erabiliko ditu, Euskal Herriko itsas portuetako espazioen bilakaerari buruzko hausnarketa eta azterketa eskaintzeko asmoz. Tartean, eskualdeko Plentzia eta Algortako portuak ere hizpide ditu diaporaman. Uriarteren esanetan, "Itsas eta itsasadar bazterretan, itsas labarraren gainean edo hareatzaren ondoan eraikinen multzoak eta kaleak sortu izan dira. Baldintza geografiko egokiek, historian zehar arrantzarekin eta nekazari zein artisau produktuen merkataritzarekin loturiko itsas jarduerak garatzea erraztu dute". Argazkian, Iñaki Uriarte arkitektoa Begoña Gazteluko galeriei buruzko azalpenak ematen / ©
Getxosarea.