Azokako antolatzaileek azaldu bezala, joan den urtean, urtarrilaren 17an, Antonio Mingote ilustratzailea, grafista, idazlea, kartel egilea eta gidoigileak 90 urte bete zituen. "Umoristen dekanoa da, joan den mendearen egunerokotasuna maisutasunez bere marrazkietan islatu duen pertsona", gaineratu dutenez. Urtemuga hori zela eta, bere lagunek omenaldia egin zioten eta "Mingote. 90 urte" izeneko erakusketan 50 marrazkilari inguruk eginiko binetak eta karikaturak bildu zituzten.
Erakusketa Umorearen Akademiak eta Valentziako Generalitateak antolatu dute eta aipatu komunitatean eta Madrilen egon da ikusgai, ikusleen aldetik arrakasta handia lortuz. Orain, Kultur Leioara heldu da, eta ekainaren 27ra bitartean izango da ikusgai. Urtero, Kultur Leioak arte erakusketa antolatzen du Umore Azokaren inguruan, leioaztarren zein bisitarien gozamenerako. Aurreko edizioetan kaleko arteak jorratzen dituzten euskal taldeak (Markeliñe, Gaitzerdi, Hortzmuga...) eta Marcel.li Antunez La Fura dels Baus taldeko sortzaile eta artista mekatronikoa izan dira protagonistak, besteak beste.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.