20 gradu makurtuta dagoen igogailu horrek, Ereagakoak duenaren antzeko kabina panoramikoa dauka eta, gaur, Imanol Landa alkateak adierazi duenez, “mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzen du, gune horretako gainontzeko bizilagun eta oinezkoei zerbitzua emateaz gain". "Maldaz gorako igogailua soluziorik onena da eta ziur nago inguruko auzotarrek oso ondo hartuko dutela. Izan ere, metrora eta inguruetara errez iristeko aukera emango die”, esan du Landak.
Orain arte Aiboako metro geltokiko sarrera-irteerara igogailua ipini duten ezponda berdeko albo batean dauden eskailera tarte batzuetatik iristen zen. Eskailera tarte guztiak igogailu berriarekin gainditu ahal izango dituzte mugikortasun murriztua duten pertsonek. Baina, alkateak nabarmendu duenez, igogailutik harago doan jarduera osoa da Aiboa aldean egin dutena: “horrez gainera, metro geltokiko inguruetako sarbideak hobetu baitira, Arkotxa eta Ormetxe kaleetara eta udaletxe inguruetarako joan-etorriak errazteko”, aipatu duenez.
Irisgarritasuna
Landak era honetako sarbideen beharraz edozein zalantza uxatu nahi izan du, bertako auzotarra den eta gurpildun aulkian dabilen 15 urteko semea duen emakume baten pasadizoa kontatuz. Emakumea alkateari hurbildu omen zitzaion atzo bertan, igogailura egin zuen bisitaldian zehar. “Emakumeak Aiboarako sarbide berrien nondik norakoa jakin nahi zuen, igogailuari eta inguruan egokitu denari esker, orain arte erabiltzen zuen Negurikoaren ordez orain bere semeak Aiboako geltokia erabiltzeko aukera baitu, beren etxetik hurbilago dagoelako. Holako pasadizoek ikustarazten digute Getxon irisgarritasunaren aldeko apustuak handiagoa izan behar duela”, adierazi du alkateak.
Lehen zegoen bidezidorra, bestalde, konpondu eta oinezkoentzako ibilbidetxo txukun bat egin dute goi aldetik Txakursolo kale arteraino. Azken alde honetan, lerroko aparkalekuak kendu eta horren ordez elbarrituentzako aparkalekuak ipini dira eta igogailuko sarrera-irteerentzat ere gune bat atondu dute. Aipatu ere, igogailua ipintzeko lanen eraginez kendu behar izan dituzten arbola ale guztiak ezpondan bertan birlandatu dituztela. Egitasmo osoaren aurrekontua 1.515.000 eurokoa izan da, Tokiko Inbertsiorako Estatuko Funtsaren kontura.