Palestinaren Aldeko Bizkaiko Plataformak ere ondorengo ekimenak antolatu ditu. Gaur bertan “Palestina, ocupacion gota a gota” izenburuko dokumentala egongo da ikusgai Bilboko Zazpi Kaleetako Burtsa hiri-zentroan, Pilota kalean, 19:30etik aurrera. Ondoren, Nakbaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Nafarroako Sodepaz elkarteko Xabier Aguirregabiriak eta Husam Lubbadeh 1948az geroztik eskualdean bizi den Husam Lubbadeh errefuxiatu palestinarrak. Bihar, berriz, boikot ekimena egingo dute H&M arropa multinazionalak Bilboko Moyua plazan daukan dendaren aurrean, 16:30ean. Aipatu enpresak "Palestinaren okupazioan laguntzen ari dela" salatuko dute. Izan ere, hitzarmenak izenpetu ditu Israelgo Gobernuarekin, eta denda katea zabaldu du aipatu herrialdean.
Askapenak zabaldutako oharra:
1948ko maiatzaren 15ean Israelgo Estatua sortu zenean, palestinarrentzako Nakba (Hondamendia) izan zen. Bazterkerian oinarritzen sionismoa ideologia izan zen sortu berria zen Israelgo Estatuaren ezaugarri nagusia. Soilik judutarrentzat izango zen Estatu bat sortu nahi zuten, beste guztiei oinarrizko eskubideak ukatuz. Eta indarrez ekin zioten helburu horri. Deir Iassin herrian israeldarrek egin zuten sarraskia palestinarrek euren etxeak uzteko izua zabaltzea zuen helburu.Horren ondorioz, milaka palestinar errefuxiatu bilakatu zen, euren etxeak utzi ondoren Gaza eta Zisjordanian ez ezik inguruko herrialdeetan ere. Egun ia lau milioi dira errefuxiatu palestinarrak, 1948an euren etxeak utzi behar izan zutenen oinordekoak.
Errefuxiatuen afera konpontzea Palestinak bizi duen gatazka gainditzeko ezinbestekoa da. Hori da hain zuzen ere Israeli boikot nazioarteko ekimenak egiten duen aldarrikapenetako bat, errefuxiatuak euren etxeetara etortzeko eskubidea gauzatzea.
Hegoafrikak urtetan pairatu zuen apartheid sistemarekin amaitzeko borrokan nazioarteko boikotak eragin handia izan zuen, eta ildo horretatik abiatuta Palestinako eragile ugarik Israeli boikota egiteko deialdia egin zuten.
Oro har, Israelek palestinarren eskubideak errespetatzen ez dituen bitartean Estatu adierazpenik ez onartzea da boikotaren egitasmoa. Euskal Herrian ere Askapenak eta eragile ugarik bat egiten dugu boikotarekin eta ez dugu Estatu sionistaren adierazpenik gure artean onartuko.
Honekin batera, Palestinako eta Euskal Herriko kultur, kultur, hezkuntza eta kirol eragileen arteko harremanak, elkar ezagutza eta elkartasuna bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu.
Ildo honetan, Askapenak deialdia egiten du Euskal Herrian zehar Nakba gogoratzeko antolatu diren ekimenetan parte hartzeko.
Gora Palestina!
Gora herrion arteko elkartasuna!