Igandean egingo dute XXV. Herri Ibilaldia. Akilino Arriola kaletik izango da irteera. Adinez nagusi diren pertsonak goizeko 9etan aterako dira eta adinez txikikoak 11:00etan. Urko mendi taldeak bi ibilbide desberdin eratu ditu, adinaren arabera. Mendizaleak heldu ostean, sari banaketa eta hamaiketakoa izango dira, Barinatxe txistulari taldeak eta Trilileku trikitiak lagunduta. Aurtengo hitzordua berezia da, 25 urte betetzen baititu herri ibilaldiak. Partaidetza handia duen ekitaldia da. Iaz, 212 umek eta 480 gurasoek hartu zuten parte haurrei zuzendutako ibilaldian. Gainera, 187 bikotek egin zuten nagusientzako ibilbidea.
Mendizaletasuna abiapuntu
Urko mendi taldeak 1983an eman zituen aurreneko urratsak. Mendigoizale lagun talde batek igandeetan irteerak egitea erabaki zuen, Euskal Herriko mendiez gozatzeko. Hurrengo urtean, mendiarekiko maitasun hori euren seme-alabei zabaldu zieten. 1984 eta 1985 urteen artean 55 pertsona izatera pasatu zen elkartea. Egitasmoak indarra hartu zuela ikusita batzarra eratzea adostu zuten, Urko mendi taldea gorpuztuz. Hurrengo urtean, 1986an, lehenengo ibilaldi neurtua antolatu zuten. Era jarraian egin da urtez urte. 2006an, baina, ibilaldi neurtuari "herri ibilaldia" izena eman zioten eta horrela mantendu da orduz geroztik.