Erandio Landako polizia hirian egingo dute igandean lehenengo Ertzaintzaren Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 14a, 01:00

Bi mila pertsonatik gora joango dira igande honetan, maiatzak 16, Ertzaintzaren Egunaren lehenengo ediziora, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak adierazi duenez. "Ertzaintza osatzen duten kideek egunero egiten duten lana omendu eta horien senideei, lagunei, eta, oro har, euskal gizarteari polizia-lana zuzenean erakutsi nahi diete", Erandio Landako ertzain-hirian ospatuko den ekitaldi horretan, aipatu dutenez. Patxi Lopez lehendakaria ere bertan izango da, eta, besteak beste, "eguneroko lanean" nabarmendu diren ertzainak "ofizialki zorionduko" dituzte, lanean hildako agenteak gogoan hartuko dituzte eta erretiroa hartu duten lehen ertzainei "esker ona" erakutsiko diete. Argazkia: © Herrizaingo Saila.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren hitzetan, Ertzaintzaren Egunaren helburua "gure Poliziaren kide guztiei Gobernu honen eta euskal herritar guztien esker ona, babesa eta laguntza erakustea" da, "herritar guztien askatasunak eta eskubideak babeste aldera egiten duten lanaren aurrean". Halaber, beste gauza baterako ere balioko du jardunaldiak: "euskal herritarrek gertuagotik ikus dezaten ondo prestatutako Ertzaintza dugula, erabat profesionala eta lana baldintzarik onenetan egiteko baliabide nahikoak dituena".

Eguneko egitaraua

Goizeko 11:30ean hasiko da ekitaldia, "merituzko jarduerak" egin dituzten 30 bat ertzain "ofizialki zorionduz" eta zerbitzuan hil diren agenteen senideei hilondoko dominak emanez. Omenduko dituztenen artean azken bi urte hauetan euren lan-bizitza amaituta erretiroa hartu duten agenteak ere egongo dira. Plaka bana emango diete. Protokolozko ekitaldien artean, hildako ertzainak omentzeko ekitaldi bat ere egongo da, eta Patxi Lopez lehendakariaren hitzaldi batekin bukatuko da.

Ekitaldi ofizial horiez gain, Ertzainor Ertzaintzaren Ekintzarako Txakur Taldearen erakustaldia ere egongo da, eta Ertzaintzaren hainbat taldetako kideek euren egunerokoan erabiltzen duten materialaren erakusketa bat egingo dute. Besteak beste, ibilgailuak, ikerketarako baliabideak eta abar egongo dira ikusgai. Ertzaintzak historian zehar izan duen "bilakaera" ere erakutsiko da: 1936ko Ertzañaren eta 1982an abiatu zen gaur egungoaren hainbat uniforme, dokumentu eta material. Ertzaintzak jarri zuen lehen trafiko isuna izango da ikusgai, esaterako.

Ordezkaritza zabala

Jaialdian ia bi mila ertzain eta senide bilduko dira, Herrizaingo Sailaren arabera, eta horiekin batera instituzioen ordezkaritza zabala egongo da: lehendakaria eta Jaurlaritzako beste agintari ugari, Legebiltzarreko mahaiko kideak, Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Legebiltzarrekoak, Herrizaingo Sailburu ohiak, Legebiltzarreko bozeramaileak, batzar nagusietako ordezkariak, Eudelekoak, epaileen ordezkariak, alderdi politiko eta sindikatuetako kideak... Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako ordezkariak, Udaltzaingoetakoak, Mossos d'Esquadrakoak eta Foruzaingokoak ere izango dira bertan gonbidatu, baita Ertzaintzaren unitate guztietako buruak eta arduradunak ere.

"Lehen Ertzaintzaren Egun hau ospatzeko antolakuntza lan handia egin behar izan da Erandiora joango direla baieztatu duten bi mila gonbidatuak hartu ahal izateko", zehaztu dutenez. Besteak beste, bisitariak hartzeko zazpi karpa handi, ehunka haur hartu ahalko dituen haurtzaindegi bat, larrialdiei aurre egiteko osasun-zentro bat eta bisitariak aparkalekutik Erandioko baseraino eramango duen autobus zerbitzu bat prestatu dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun