Behin arrazonamendu hori onartuta, bi elkarteek gaia ikertu dute eta "arrisku horiek errealak" direla ez ezik, "antenak emitituriko uhinek arriskua areagotzen dutela" ere ondorioztatu dute. "Horregatik, ados gaude zinegotziarekin eta uste dugu 50 metroko esparruan eskola bat kokatzeak osasun-kalte larriak ekarri ahalko lituzkeela bertan ikasiko luketen umeengan. Hori dela eta, zentzuzkotzat jotzen dugu eskola bertan ez kokatzea antena dagoen bitartean", adierazi zuten atzo emandako prentsaurrekoan. Hala ere, antenaren presentzia bera da arazoa San Nikolas-Antzokia eta Antena Ez taldeen ustez, "ez soilik Getxo Antzoki inguruan bizitza soziala egingo duten herritarrentzat edo antzertira joango diren ikusleentzat, baizik eta bertan bizi diren auzotarrentzat ere".
Gogoratu zutenez, Europako Parlamentuak, Ingurune eta Osasunari buruz 2008an hartutako erabaki batean, R.8 puntuan honako hau dio: “arreta berezia izan dadin ahulagoak diren taldeekin (haurdun emakumeak, jaio berriak, adin txikikoak eta agureak), gai kutsakorren aurrean sentikorragoak direnak, horretarako inguru kutsakorretan jartzeko murrizteko neurriak hartuz, osasun-zentroetan eta eskoletan, praktika onen bidez”. Beraz, premiazkotzat jotzen dute neurriak hartzea "Telefonicako antenak eragindako kutsadura elektromagnetikoa ekiditeko, eta, nahiz eta herritarrengan orain arte eragin diren kalteak ezezagunak izan etorkizunean sor litezkeenak saihesteko".
Irtenbideak
San Nikolas-Antzokia eta Antena Ez elkarteen ordezkarien ustetan, aipaturiko baldintzetan-, antena eta transformadoreak auzotik ateratzea litzateke soluziorik onena, eta gero toki hori berrerabili egokien jotzen den moduan. "Adibidez, Telefonicako eraikina bertan behera bota eta, ondorioz, antzoki zabalagoa baina ez hain altua egin, edo behin hustu eta gero eraikina erabili Muska Eskola edo Getxo Antzokian programaturiko beste zerbitzu batzuk kokatzeko", azaldu zutenez. Hori egiten ez bada, gaurko egoeran, "ez da bidezkoa" San Nikolas plazaren ingurunean musika eskolarik kokatzea, "dagoeneko udal bilkuran zinegotziak onartu zuen bezala arriskutsua izan litekeelako bertan ikasiko luketen umeentzat". Kasu horretan, Algortako Musika Eskola non jarri aztertzen hasi beharko lukete agintariek eta hiritarrek, auzotarren iritziz.