Uribe Kostako ezker abertzaleak zabaldutako oharra:
Azken hamarkada hauetan, Euskal Herriak bizirik iraun dezan Ezker Abertzalea osatzen dugun guztiok lan handia egin dugu. Ezkerreko proiektu independentista gauzatzeko eta indartzeko ahaleginean elkarrekin ibili gara. Batzuetan asmatu egin dugu eta beste batzuetan kale egin dugu, baina independentzia eta sozialismoa eraikitzeko bideari ez diogu amore eman.
Azken hilabete hauetan eztabaida prozesu mamitsua eta gardena burutu dugu. Milaka eta milaka kideek Herri Batzarretan parte hartu eta gero, eztabaidaren ondorioak Zutik Euskal Herria agirian zehaztu ditugu. Aldaketa politikoa abian jartzea erabaki dugu. Aldaketa hori errealitatea bihurtzeko, indar metaketa eta herri aktibazioa beharrezkoak ditugu eta horiek ahalbideratze aldera gure aldetik beharrezkoak diren aldaketak eta urratsak egiteko aldebakarreko konpromisoa hartu dugu. Altsasuko agerraldia, Zutik Euskal Herria agiria edota duela gutxi Iruñean egin dugun adierazpena, norabide horretan emandako urratsak dira.
Baina ekimen nazional horiek ez dira nahiko. Herrietatik eta eskualdeetatik boikot mediatikoa eta intoxikazioa gainditu behar ditugu. Herritarrei gure apustuaren tamaina helarazi behar diegu. Hori dela eta, Uribe Kostan herri guztietako Ezker Abertzaleko kideak bilduko gara, eta bertan argazki indartsu bat aterako dugu. Nazional Mailan emandako urratsekin bat egiteaz gain, gure eskualdean dauden arazoei aurre egiteko aldaketa politikoa erabat beharrezkoa dela aldarrikatuko da.