Israelgo unibertsitateei boikot egiteko kanpaina abiatuko du EHUko Ikasle Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 17a, 11:51

Joan den ostegunean, maiatzak 13, egindako batzarrean Palestinarekin elkartasun apustua egin zuen EHUko Ikasle Kontseiluak. "Palestinatik etorri diren elkartasunezko eskaerei erantzunez, Israelgo estatu sionistari eta gure kasuan Israelgo unibertsitateei boikota bultzatzeko apustua egin dugu", prentsa ohar baten bidez azaldu dutenez. Ildo horretan, aipatu herrialdeko hainbat musikari, kirolari, artista, eta abarrek landutako PACBI izeneko manifestuaren aldarrikapenak bere egin dituzte. Kanpaina aurrera eraman ahal izateko, EHUko Batzorde Paritariora eramango dituzte ondoko proposamenak: alde batetik, "EHUk Israelgo estatuarekin eta zuzenki unibertsitateekin dituen harreman guztiak, departamentuetatik hasita EHU maila arte, haustea. Horretarako, behar diren barne maiako arauak aldatuz edo eraikiz". Bestalde, "palestinar unibertsitateekin zubiak eraiki eta harremanak indartzea" eskatuko diete EHUko agintariei. Azkenik, lan horretan aurrera pausoak emateko lanean hastera gonbidatu dituzte ikasleak eta unibertsitate komunitatea. Argazkian, ostiralean 40 bat lagunek egin zuten elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan, palestinarren Nakba gogoratzeko.

EHUko Ikasle Kontseiluaren oharra:

UPVko Ikasle Kontseiluak maiatzaren 13an egin duen asanbladan, Palestinarekin elkartasunerako apustua egin du. Palestinatik etorri diren elkartasunezko eskaerei erantzunez, Israelgo estatu sionistari eta gure kasuan Israelgo unibertsitateei boikota bultzatzeko apustua egin dugu UPVko Ikasle Kontseilutik. Horretarako, Palestinar hainbat eragilek eta nazioarteko beste horrenbestek egindako eskaera eta konpromisoa hartuz, gure egiten dugu PACBI-aren aldarrikapena.

Hau aurrera eraman ahal izateko, UPVko Batzorde Paritariora eramango dugula proposamena aurreratzen dugu eta UPVko agintariak honetan iniziatiba hartzeko ahal dugun dena egingo dugula adierazten dugu.

Hauek dira mahai horretara eramango ditugun bi eskariak:

- UPVk Israelgo estatuarekin eta zuzenki unibertsitateekin dituen harreman guztiak, departamentuetatik hasita UPV maila arte, haustea. Horretarako, behar diren barne maiako arauak aldatuz edo eraikiz.
- Palestinar unibertsitateekin zubiak eraiki eta harremanak indartzea.

Horrez gain, UPVko Ikasle Kontseilutik ikasleak eta unibertsitate komunitatea lan honetan aurrera pausoak emateko lanean hastera gonbidatzen dugu.

Palestinarekin elkartasuna, Israelgo unibertsitateei boikot!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun