Sindikatuek eta oposizioak ez dute parte hartu Ertzaintzaren Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 17a, 17:22

Atzo, igandearekin, Erandio Landako Ertzain hirian ospatu zuten Ertzaintzaren Eguna lehenbiziko aldiz. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, 8.000 poliziak omentzeko ekitaldian "bi mila pertsona baino gehiago" izan ziren, aurretik ospakizuna iragartzeko prentsa oharrean jarritako hitz berberak erabiliz. "Deia" egunkariak, ordea, "mila luze bat" ikusi zuen bertan, tartean Guardia Zibila, Espainiako Polizia Nazionala, Nafarroako Foru Polizia eta Kataluniako Mossos d’Esquadrako hainbat arduradun. Egon ez zirenak Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuak eta oposizio politikoa izan ziren. Argazkian, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares dozenaka ertzainen aurrean atzo Erandio Landan: cc-by Irekia.net-Eusko Jaurlaritza. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Izan ere, Erne, Esan, ELA, CCOO, Ezker Batua, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Euzko Alderdi Jeltzaleak, bakoitzak bere ikuspuntuaz, ezer ospatzerik ez zegoela iritzi eta uko egin zioten ekitaldira joateari. EAJren aldetik, baina, Javier Balza Herrizaingo sailburu ohia eta Iñigo Iturrate Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kidea izan ziren. Bere aldetik, ELAk "Ertzaintzaren Eguna: Zuekin iluna" lelodun pankarta jarri zuen Ertzain hiritik kanpo.

Ekitaldia Patxi Lopez lehendakariak protagonizatu zuen, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua ondoan zuela. Lopezen aburuz, "laster helduko da eguna" zeinean ertzainek zein lan egiten duten ezkutatu behar izango ez dutena eta "harrotasuna" agertu ahal izango dutena. Desioekin jarraituz, ETAri "gutxi falta zaiola bukatzeko" esan zuen lehendakariak.

Hildako ertzainei omenaldia baina errespetu gutxi

Ekitaldia hainbat diskurtso eta Ertzaintzaren hainbat dibisioen erakustaldiekin bete egin zuten. Horrela, ehunaka lagunek ikusi ahal izan zuten txakurren, erreskate-zerbitzuen, lehergailuak detektatzeko ekipoen eta interbentzio-ibilgailuen dibisioen lana. Era berean, polizia zientifikoaren lanari buruzko erakusketa bat paratu zuten bertan. Baina, horretaz gain, hainbat aipamen berezi izan ziren egunean zehar. Alde batetik, Haitin izandako lurrikara zela eta hara joandako poliziak omendu zituzten. Beste aldetik, "zerbitzua betetzean hildako" Idoia Iturria Vazquez eta Fernando Luis Perez Gonzalez ertzainak oroitu zituzten. Perez iazko otsailaren 20an hil zen, atxiloketa bat burutzera zihoala, auto batek harrapatu zuenean, ustez atxilotu behar zuen pertsonak gidatuta. Idoia (eta ez "Goia", Jaurlaritzak zabaldu eta Irekia.net webgunean mantentzen duenez) auto-istripu batean hil zen A-8 autopistan 2003ko abenduan.

Eusko Jaurlaritzak atzo zabaldutako oharra:

Lehendakariak esan du agenteek laster ez dutela jarraitu beharko ezkutatzen Euskadin ertzainak izatearen harrotasuna. Laster “helduko da egun hori”

2.000 pertsona baino gehiago izan dira Ertzaintzaren Egunean, polizia autonomikoak Erandion duen basean

Patxi López Lehendakaria buru izan da Ertzaintzaren Eguna ospatzeko ekitaldian. Ekitaldia gaur goizean izan da, Polizia Autonomikoak Erandion duen base nagusian. Ekitaldia baliagarria izan da euskal Polizia osatzen dutenen eguneroko zeregina omentzeko, batez ere Haitiren zati handi bat hondatu zuen lurrikararen ostean bertara joan ziren agenteak eta zerbitzua betetzean hildakoak. Lehendakariak esan duenez, “laster helduko da eguna”, zeinean agenteek ez baitute berriz ere ezkutatu beharko Euskadin ertzainak izatearen harrotasuna.

Patxi López Lehendakariak azaldu du euskal gizartearen “harrotasuna, aitortza eta esker ona”, bai Ertzaintzari dagokionez eta bai Euskadiko kaleetan gauzatzen duen lanari dagokionez. “Egun honetan, zuen ekinaren balioa nabarmendu nahi dugu, herri hau seguruago eta irekiago egiten laguntzen duzuelako, konfiantza handiagoa eta askatasun handiago lortzen laguntzen diozuelako”, azpimarratu du Lehendakariak Lehenengo Ertzaintzaren Egunean; gainera, etorkizunean berarekin jarraitzearen aldeko apustua egin du. Agente, senide eta lagunen aurrean, Lehendakariak esan du konbentzituta dagoela basakeria terroristari “gutxi falta zaiola bukatzeko”, “hainbesteko mina sortu dizuen basakeria horri”. “Laster ez duzue gehiago ezkutatu beharko Euskadin ertzainak izatearen harrotasuna”, nabarmendu du.

Ertzaintzaren Erandioko base nagusiak hartu du lehenengo Ertzaintzaren egun honen ospakizuna. Beraren bitartez, Barne Sailak omenaldia eskaini nahi izan die euskal Poliziaren partaideei eta beren senideei; horrekin batera, euskal gizarteak –oro har- lan polizialaren xehetasunak bertatik bertara ezagutu ditzan nahi izan du. Erandioko basera inguratu diren pertsonek hainbat erakustaldi ikusi ahal izan dituzte: txakurrena, erreskate-zerbitzuena, lehergailuak detektatzeko ekipoena, interbentzio-ibilgailuena, lehergailuak indargabetzeko ekipoen lana, edo polizia zientifikoaren lanari buruzko erakusketa bat.

Bere hitzaldian, Lehendakariak esan du Ertzaintza “polizia integra handi” bat dela, “Euskadiko elkarbizitza baketsu eta lasaia segurtatzen duena”. Egunez egun betetzen duen zerbitzuaren balioa azpimarratu ondoren –bide-segurtasunaz arduratzen, delinkuentzia txikiaren edo genero-indarkeriaren aurka borrokatzen-, Lehendakariak aipatu du agenteek egunero pairatzen duten egoera, “totalitarioen jazarpenak” eraginda; urte askoan, horrek behartu ditu “ertzainak direla disimulatzera”. Hala eta guztiz ere, Lehendakariak esan du “gero eta gutxiago geratzen zaigula” ETAren amaierarako, eta terrorismoaren kontrako borroka horretan ertzainak lehenengo lerroan daudela “espazio publiko guztiak askatasunarentzat konkistatzen”. “Zaudete ziur: Eusko Jaurlaritzak defendatu egingo zaituzte; norbaitek difamatu edo iraintzen zaituztenean, modu bidegabe eta ziztrinean, Jaurlaritza gure Poliziaren izen ona errebindikatuko du eta eskura dituen baliabide guztiez defendatuko zaituzte”, ohartarazi du Lópezek.

Lore-eskaintza

Ekitaldiaren barruan, lore eskaintza bat egin da Goia Iturria Vázquez eta Fernando Pérez Gónzalez agenteak omentzeko, zerbitzua betetzean hil baitziren. Halaber, aipamen bereziak eman zaizkie erretiratutako agenteei eta merituzko ekintzak protagonizatu dituztenei. Aipamen berezia merezi izan dute Haiti suntsitu zuen lurrikararen ostean erreskate-lanetan bertara joan ziren agenteek. Lehendakariak eskertu du agente horiek betetako rola, zeren atzerriko “elkartasunaren” balioa helarazi baitute.

Erandioko basean egindako jai-jardunaldian, besteak beste, PPko ordezkariak izan dira, Javier Balza Barne sailburu ohia, Juan Luis Ibarra EHJAGko presidentea eta Iñigo Iturrate EAJkidea. Horiekin batera izan dira Estatuaren Segurtasun Gorputzetako, euskal Udaltzaingoetako, Mossos d’Esquadrako eta Nafarroako Foru Poliziako buruak, eta baita Ertzaintzaren Dibisio Buruak eta Atal guztietako arduradunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun