"Uribe Kosta ere zutik" dagoela aldarrikatu du ezker abertzaleak Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 17a, 21:06

"Asko gara, bil gaitezen!" leloari jarraiki, Uribe Kostako ezker abertzaleak agerraldi jendetsua egin zuen atzo, igandea, Sopelako pilotalekuan. Ezker abertzalearen 200 bat kide elkartu ziren azken hilabetetan garatu duten eztabaidatik atera diren ondorioekin bat egiteko eta ondorio horiek gauzatzeko bidean emandako urratsei haien atxikimendua emateko. Bide horretan, Zutik Euskal Herria adierazpena sozializatzeko kanpaina egingo dute maiatzean zehar. Ekainaren 6rako, berriz, egun osoko ekitaldia prestatu dute Itzubaltzeta / Romon, ekitaldi politikoa, herri bazkaria, euskal kantak eta erromeria izango direla. "Egun horretan bide berri honekin Uribe Kostako ehunaka herritarrok bat egingo dugu", aipatu zutenez. Gauzak horrela, ekimenarekin bat egitera deitu zituzten herritarrak, Nelson Mandelaren hitzak aintzat hartu aurretik: “Ez dugu bidaiaren azken urratsa eman, baina bai aldiz luzea eta zaila izango den bidaiaren lehen urratsa”. Argazkian, atzoko agerraldia Sopelan.

Ezker abertzalearen arabera, Uribe Kostan ere "aldaketa politikoa erabat beharrezkoa" da, "gure herrietan pairatzen ari garen porlanaren erasoa gelditzeko, errepresioari mugak jartzeko, euskararen normalizazioa egi bihurtzeko, kultura parte hartzailea gure eguneroko bizi modua izan dadin, emakumeen eskubideak bermatzeko eta gazteriaren askatasun osoa bultzatzeko".

Atzoko agerraldian irakurritako adierazpena:

Uribe Kosta ere zutik!

Aspalditik datorkigun gatazka politiko baten erdian bizi gara. Hamarkada luzeak eman ditugu borrokatzen, bideak zabaltzen eta Estatuen asimilazioaren aurka herri barrikada altxatzen. Borrokatu dugu eta akordio bat erdiesteko, etengabe proposamen egingarriak eta demokratikoak mahai gainean ipini ditugu. Estatuen erantzuna errepresioa eta ukapena izan da.

Euskal Herritarren gehiengo zabal batek beste marko demokratikoa nahi du eta Estatuek errepresioaren bitartez blokeoa inposatzen erantzuten ari dira. Askatasunera doazen bide guztiak itxi nahi dituzte eta hori ikusita, Ezker Abertzaleak eztabaida egin du. Ez gutxiren artean edo ezkutuko gelan. Aitzitik, kidegoak eta oinarri sozialak osatzen duten batzar gela nagusira ekarri dugu eztabaida. Ariketa demokratiko eraginkorra izan da gainera, ezinbesteko dugun estrategia politikoa zehazteko balioko duena. Uribe Kostako herrietan ere, ariketa sakon honetan partaide izan gara.

Gaurko agerraldi honetan, Uribe Kostako Ezker Abertzalearen urteetako ibilbidean ibili garen eta gabiltzan belaunaldi ezberdinetako kideok, eztabaida honetatik atera berri ditugun ondorioekin eta gauzatzen ari garen bidearekin bat egiten dugu. Herri honen borroka luzearen fase berri batean sartzen ari gara. Ez da ezeren amaiera, iniziatiba politikoa berreskuratzeko hautuaren eskutik askatasunerantz doan bide berri baten hasiera baizik.

Gaur egun baldintzak egon badaude, ederki kostata lortu ditugunak hain zuzen ere. Zutik Euskal Herria adierazpenak hauxe dio: “konpromisoaren ordua da. Urratsak emateko ordua. Eta une honetan, Ezker Abertzaleak jakin badaki gako nagusia ez dela gainerako eragileak zer egiteko prest diren ezagutzeko zain egotea. Gakoa guk geuk egin beharrekoan dago. Hartara, gure indarrak eta arrazoibideak egoera berriak sortuko ditu, gainerako eragileen jokabidea baldintzatu ahalko dute eta, are garrantzitsuagoa dena, Euskal Herria bere buruaren jabe izateko bidean gero eta herri babes handiagoa sortuko dute”.

Baieztapen horrek oso ondo laburbiltzen du herriz herri, ezkerreko abertzaleok eduki behar dugun portaera. Hemen bildu garenok, gure herrietan denbora berri hau gaurdanik martxan ipintzeko hautua egiten dugu eta gure herrietako jendarteari eta ezkerreko independentista guztioi deia egiten diegu ilusioz bide berri honetan indar guztiak aska ditzagun, gure sormena ahalmen guztia dantzan ipin dezagun eta ezkerreko proiektu independentista errealitate politikoaren eta sozialaren erdian koka dezagun.

Apustu politiko hau egitea gure aldebakarreko apustua da. Ez gaude prest Estatuek markatutako blokeoaren anabasan gelditzeko. Erabaki honekin gure esku dauden baldintzak sortuko ditugu ezberdinen arteko elkarlana eta dinamika berriak ahalbideratzeko. Ekimen politiko hori gorpuzteko eta Marko Demokratikoa lortzeko tresna izango den Prozesu Demokratikoa, jadanik martxan ipini dugu.

Uribe Kostan aldaketa politikoa erabat beharrezkoa da, gure herrietan pairatzen ari garen porlanaren erasoa gelditzeko, errepresioari mugak jartzeko, euskararen normalizazioa egi bihurtzeko, kultura parte hartzailea gure eguneroko bizi modua izan dadin, emakumeen eskubideak bermatzeko eta gazteriaren askatasun osoa bultzatzeko.

Aldaketa politikoari hasiera eman diogu eta berria jendarteratu behar dugu. Hori dela eta, maiatzean zehar Zutik Euskal Herria adierazpenaren sozializazio kanpaina burutzen ari gara. Jendeak apustuaren tamaina jakin behar duelako. Komunikabideek ezkutatu nahi duten ekimen estrategiko hau lau haizeetara zabaltzeko. Herri aktibazioaren apologia egiteko. Hori dela eta, Uribe Kostako Ezker Abertzalearen kide garenok egun osoko ekitaldia prestatu dugu hurrengo ekainaren 6an Itzulbaltzeta / Romon. Hau da egitaraua: 13:00etan ekitaldi politikoa. 15:00etan herri bazkaria. 16:30ean euskal kantak eta 18:00etan erromeria.

Egun horretan bide berri honekin Uribe Kostako ehunaka herritarrok bat egingo dugu. Zuk ere bat egin dezazun deia egiten dizugu. Nelson Mandelaren hitzak harturik hau esaten dugu: “Ez dugu bidaiaren azken urratsa eman, baina bai aldiz luzea eta zaila izango den bidaiaren lehen urratsa”. Askatasuna lortzera goaz. Gure ordua da. Zutik Euskal Herria! Uribe Kosta ere zutik!

Uribe Kosta, 2010ko maiatzaren 16an

Ikusi Sopela.net agerkari digitalak argitaratutako bideoak:



Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun