Hainbat arrazoi daude aurten Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa gaztetxeetan estreinatzeko. Hasteko, gero eta nabarmenagoa da ohiko plaza saioetan bertsolaritzak publiko gaztearen arreta ere bereganatu duela, zale sorta ederrak sortuz. Bestalde, ALBEk hainbeste urtetan Getxo eta inguruko udalerritako eskoletan irakatsitako umeak hazten joan dira eta egun haietako asko gaztetxeetako erabiltzaileak dira.
Gainera, Itzubaltzeta eta Txorimalo gaztetxeetan, besteak beste, makina bat bertso afari eta bestelako saio egin dira azken urteotan. Horrekin lotura dauka, jakina, desalojorik gabeko bost eta lau urte, hurrenez hurren, eramatea. Horrek ematen dituen egonkortasun eta gauzak antolatzeko ahalmenagatik. Zer esanik ez, gainera, Itzubaltzetako Bertso Eskolak hartutako presentziaz. Orain dela bi urte bezala, hiru lehiakide jarri dute (bi Uribe Kostan eta beste bat Uribe Butroen). Horrekin batera, aurten bost urte bete dute bertako gaztetxean sustraituta dauden bertsozale taldekoek eta bere kideek egoitzan bertan abesteko interes bizia jarri dute. Bestalde, Itzubaltzeta / Romok dagoeneko frogatuta dauka plaza ona dela, bai gaztetxean bertan, bai jaietako saioetan eta baita orain dela bi urteko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.
Azkenik, Ipar Uribe makro eskualdea bitan zatitzean, Uribe Kostak kanporaketa bakarra hartu beharrean hiru kanporaketa izateko jauzia eman du eta funtzionatzen duten plazak bilatzean esperientzian oinarritu dira antolatzaileak.
Itzubaltzeta gaztetxeko saioan abestuko direnak:
• Arrate Illaro Etxebarria. 21 urtez, algortarra Ikus-entzunezko lizentziatura ikasten dabil Leioan, baina aurten Herbereetan ibili da Erasmus-en bitartez. Desagertu den Ipar Uribe makroeskualdeko txapelduna da. Gogoratu duenez, "12 urterekin hasi nintzen Algortako Bertsolari Eskolan, eta ordutik gertu gertutik jarraitu izan dut beti Bizkaiko Txapelketa". Aurtengoa parte hartzen duen bigarren aldia izango da.
• Gabi Basañez Ruiz. 47 urtez, algortarra militante internazionalista da, nahiz eta ezagunagoa da urteotan AEKn edota EHEn egindako lanagatik. Seigarrenez parte hartuko du txapelketan. Algortako Bertsolari Eskolako kidea da.
• Josu Landeta Egurrola. 45 urteko getxoztarra. Urte andana eman du Algortako AEKn, azkenean afizioari heldu eta bertso irakasle sartu arte. UKBERRI.NETeko ohiko kolaboratzailea dugu. Bere esanetan, "txikitan familian eta inguru hurbilean euskarazko hitz batzuk entzuten nebazan, eta ama eta aiteterekin euskaraz egiten neban, baina orokorrean inguruko giroa erdalduna neban. 19 urterekin magisteritza ikasketak hasteagaz batera euskal munduan murgiltzen hasi nintzen, eta aurrerago euskal filologia ikasketak egindakoan murgiltze hori erabatekoa izan zan. 22 urterekin Algortako Bertsolari Eskolan sartu nintzen. Handik aurrera, bertso munduko hainbat arlotan ibili naz, helduen euskalduntze alfabetatzean ibilteaz batera. Azkenerako bertso irakasle egin nintzen, hasieran eskolaz kanpoko jardueretan, hezkuntza arautuan gero". Eskualde mailako hainbat txapelketetan parte hartu du eta inoiz Bizkaiko kanporaketarako sailkatu ere bai.
• Peio Arondo. Algortarrak 18 urte ez izateagatik, ez dute puntuatuko eta sparring lanak betetzea izango da bere lana.
• Oier Iturralde “Atano”. 26 urtekoa. Itzubaltzetako Bertso Eskolako kidea izanik, etxean jokatuko du. Euskal filologia ikaslea da.
• Pello Ruiz de Agirre. 26 urteko itzubaltzetarra. Euskal filologian lizentziatua, egun euskara teknikaria da Artezen. Itzubaltzetako Bertso Eskolako kidea eta, beraz, etxean jokatuko da.
Uribe Kostako bertsolari txapelketako hurrengo saioak:
Maiatzak 28, ostirala
Hirugarren kanporaketa Getxoko Txorimalo gaztetxean. Afaria 21:00etan hasiko da eta ostean izango da saioa. Bertsolariak: Joanes Igeregi, Miren Loizaga, Aitzol de Kastro, Jone Uria, Ekaitz Larrazabal “Katxo” eta Jagoba Pereda.
Ekainak 12, larunbata
18:00 Finala Algortako Villamonte kultur etxean.
Orain arteko sailkapena:
• Itxaso Paya, 238,5 puntu.
• Peio Etxebarria "Bonbero", 186.
• Unai Angulo, 184,5.
• Arkaitz Gomez "Arkan", 180,5.
• Inazio Vidal eta Imanol Uria (ez dituzte puntuatu)