Gorlizko fauna basatia sendatzeko zentroari buruzko liburua argitaratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 18a, 14:06
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak argitalpen berri bat plazaratu du, Gorlizen dagoen Fauna Basatia Sendatzeko Zentroaren hamargarren urteurrena dela eta. Urtebetetzea ospatzeaz gain, instalazioetan egiten den lana, sartzen diren animaliak eta ezartzen zaizkien tratamenduak, eta mota honetako zentro baten barne funtzionamendua ezagutzera eman nahi ditu liburuak. Azken hamar urteetan, 2.842 animalia sendatu dituzte guztira, gero, haien habitat naturalera itzultzeko. Liburua hegaztiak askatzeko ekitaldi berri batean aurkeztu zuten ostiralean, Astondo inguruetan, hogei neska-mutiko inguru bertan zirela. Argitalpenak espezieak sendatzeko eta dagokien ingurune naturalean berriro sartzeko urratsak erakusten ditu, animaliak jasotzeko protokoloetatik hasita askatzen diren arte. Hori guztia balio handiko argazkiekin. Argazkian, ostiralean hegaztiak askatzen / © Bizkaia.net.
Hogei neska-mutiko inguru hurbildu ziren ostiralean Gorlizko Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora, hegaztiak askatzeko ekitaldian parte hartzeko. Aukera paregabea izan zuten naturari buruzko eskola bat hartzeko, geletatik kanpo. "Oso baliagarria izan da ikasleak gure espezieak sendatu eta dagokien ingurune naturalera itzultzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko", tokiko arduradunek adierazi zutenez. Zentroaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian hontzak, belatz bat, trikuak… askatu zituzten. Neska-mutikoek askatzean parte hartzeko eta espezie horien zenbait ezaugarri ikasteko aukera ere izan zuten.

Ingurune naturalera bueltatu zituzten animalietako batzuk intoxikazio larriarekin iritsi ziren Sendatzeko Zentrora, arduradunen arabera, karraskariak “kontrolatzeko” gero eta gehiago erabiltzen direlako arratoi-pozoia eta sator-pozoia. Arratoi eta saguek pozoia jaten dutenez, hontzak intoxikatu egiten dira. "Oso garrantzitsua da jakitea pozoia erabiltzen dugunean, karraskari asko hiltzen baditugu ere, ez dugula lortzen hontzek eragiten duten baja kopurua. Beste alde batetik, hontzak desagerrarazten direnean, arratoi eta saguen etsai handienetakoa kentzen da eta, ondorioz, azkar ugaritzen dira karraskariak, pozoia bota arren", azaldu dute Gorlizko zentroko adituek.

Hori dela eta, Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroa asko ahalegintzen da gaixorik dauden edo traumatismoren bat duten hontzen ahalik eta kopururik handiena sendatzeko, eta horrela, askok bigarren aukera bat dute, ostiralean ingurune naturalera itzuli zituztenak bezala. Era berean, espezie berreskuraezinak gatibu haztea sustatzen da eta txitak populazio-bajak hauteman diren lekuetan askatzen dira, prozedura horren bitartez populazioa birsortzea sustatzen delako eta alde batzuetan espeziea desagertzea ekiditen delako.

10 urte

Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroa 1999ko uztailean jarri zen martxan, Gorlizko foru abeletxean, Bizkaiko lurralde historikoan fauna basatiaren tratamendua, errehabilitazioa eta askatzea bermatzeko. Zentroak naturan bere kabuz bizi ezin diren eta, erreskatatuko ez balira, hil egingo liratekeen animaliak hartzen ditu, tratatzeko. Animalia gehienak gizakien jarduera zuzenaren eraginez sartzen dira zentroan eta, horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak animalia hauek errehabilitatzeko konpromiso moral, sozial eta legalari eusten dio.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko langileen lana zaurituta, mugitu ezinik, gaixotasun zantzuekin… dauden animaliak aurkitu ondoren hasten da. Basozainek egiten duten zaintza zerbitzuaz gain, hilero 80 dei inguru jasotzen dira animalia gaixoen berri emanez. Basozainak zein Base Gorria animaliak erreskatatzera edo jasotzera joaten dira, gero zentrora eramateko. Zentroan haien egoera aztertzen da eta dagokien tratamendua ezartzen zaie.

Zentroak diziplina anitzeko talde bat dauka, eguneko 24 orduetan larrialdiez arduratzeko. Bertan animaliak sendatu eta, errehabilitatu ondoren, haien habitat naturalera itzultzen dira, berriro han sartzeko baldintza egokietan, hots, biziraupena bermatzeko moduan. Beste alde batetik, zentroa Bizkaiko animalien egoera, biologia, portaera eta izan ohi dituzten gaixotasunak ebaluatzeko leiho bat da. Baina, batez ere, gizakien jardueraren ondorioz, gure bertoko faunak jasan behar dituen mehatxu nagusiak aztertzeko leiho bat da.

%90 sendatu egiten da

Nekazaritza Sailak zentroak dituen 10 urteen balantze oso positiboa egin du. 2.842 animalia baino gehiago sendatu dira; Gorlizen, Foru Aldundiaren instalazioetan ebakuntza egiten zaien edo tratamenduren bat hartzen duten animalien %90 sendatu egiten da. Funtzionamenduan daramatzan 10 urteetan, zentroan 7.742 animalia hartu dira; horietatik, 3.040 hilda iritsi dira instalazioetara, hots, sartu diren animalien %39,27. Sartutako animalien egoera klinikoa ebaluatu ondoren, albaitari-medikuntzako tratamendu zehatzak ezarri zaie 4.702 animaliari. Zentroa 1999an zabaldu zenetik, 2.574 uretako hegazti, 1.097 eguneko hegazti harrapari, 567 gaueko hegazti harrapari, 965 paseriforme (zozoak, karnabak…), 65 espezie aloktono eta 43 narrasti eta beste espezie batzuk (iguana, baranoa, tarantula…) sartu dira zentroan. Orokorrean, 6.110 hegazti, 1.067 ugaztun eta 565 narrasti.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun