Itxaso Paya izan da nagusi Uribe Kostako txapelketako lehenengo kanporaketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 18a, 20:47

Ostiralean, maiatzak 14, abiatu zen Uribe Kostako bertsolari txapelketa, Sopelako Ander Deuna ikastolan. Nahiz eta afaltzera 45 bat lagun baino ez hurbildu, ederra izan zen Itxaso Paya, Peio Etxebarria "Bonbero", Unai Angulo, Arkaitz Gomez "Arkan", Imanol Uria eta Inazio Vidalek eskainitako bertso saioa (mp3). Lagun arteko giroan, algaraka eta bertsolariei txaloka aritu ziren bertan bildutako entzuleak. Akabuan, gau horretan abestu zuen emakume bakarra izan zen nagusi. Hala ere, irabazi arren, ez dauka finalerako txartelik oraindik eskuan, beste bi kanporaketetako puntuazioaren arabera izango du finalean kantatzeko aukera. Saio erabakigarria ekainaren 12an izango da, 18:00etan, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Tartean, beste bi saio izango dira: bata, ostiral honetan, hilak 21, Itzubaltzeta gaztetxean; eta bestea, bi ostiral barru, hilak 28, Getxo aldeko Txorimalo gaztetxean. Biak ala biak bertso afariak. Argazkian, Itxaso Paya eta Peio Etxebarria "Bonbero" joan den ostiraleko kanporaketan. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Ez da harritzekoa Sopelako kanporaketa Itxaso Payak irabazi izana. Azken urteotan mutilak baino finago ibili dira neskak eskualdeko txapelketan. Orain bi urte, orduko txapelduna zen Itxaso bera, Jone Uria, Arrate Illaro eta Olatz eta Miren Ibarluzeak jokatu zuten Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketaren finala, mutil bakarra Peru Vidal zela. Illarok irabazi zuen. Aurten, Uribe Kosta eta Uribe Butroi arteko banaketa eginda, bi leioztarrek, Peru eta Beñat Vidalek abestuko dute aipatu azken txapelketako finalean. Larunbat honetan, maiatzak 22, izango da hori, Derioko Gurea aretoan. Sopelako kanporaketara bueltatuz, hasieratik amaierara saio bikaina egin zuen Itxaso Payak (238,5 puntu), bigarren izan zen Peio Etxebarria "Bonbero"-ri (186 puntu) alde nabarmena ateraz. Hain zuzen ere, horiek biak utzi zituzten alerik politenak, baina barregarrienak ere. Besteak beste, zortziko handian batera (mp3) aritzea suertatu zitzaien, eskolara jiyab-a eramatea debekatu zioten neskato musulman baten gurasoen paperean. Bonberok, baina, ez zuen zapiaren izena zelan esaten zen behin ere asmatu, entzuleengan barre-algarak sortuz. Etxebarriak taberna bertsolaritzat edo lagunarteko bertsolaritzat dauka bere burua. Uribe Kostako txapelketa ez du "txapelketa moduan hartzen", botatako azken agurrean adierazi zuen bezala.

Joaldi indartsuko sparringak

Itxaso eta Bonberoren atzetik geratu ziren Unai Angulo (184,5 puntu) eta Arkaitz Gomez "Arkan" (180,5 puntu). Hiru mutilek ere hurrengo bi kanporaketetan gertatzen denari adi egon beharko dira finalerako txartela eskuratzen duten ala ez jakiteko. Bitartean, Imanol Uria eta Inazio Vidal ez zituzten puntuatu Sopelako bertso saioan, adinez txikikoak izateagatik. Horrenbestez, gainontzeko lau bertsolarien sparring lana egin zuten, baita ederto bete ere. Txapelketen ringean etorkizuna badaukatela erakutsi zuten biek ala biek. Bi urte barru izango dute Uribe Kostako sariketan parte hartzeko aukera.

Uribe Kostako bertsolari txapelketako hurrengo saioak:

Maiatzak 21, ostirala

Bigarren kanporaketa Itzubaltzetako gaztetxean. Afaria 21:00etan hasiko da eta ostean izango da saioa, Ekain Landa "Txispain"ek gidatua. Bertsolariak:

• Arrate Illaro Etxebarria. 21 urtez, algortarra Ikus-entzunezko lizentziatura ikasten dabil Leioan, baina aurten Herbereetan ibili da Erasmus-en bitartez. Desagertu den Ipar Uribe makroeskualdeko txapelduna da. Gogoratu duenez, "12 urterekin hasi nintzen Algortako Bertsolari Eskolan, eta ordutik gertu gertutik jarraitu izan dut beti Bizkaiko Txapelketa". Aurtengoa parte hartzen duen bigarren aldia izango da.

• Gabi Basañez Ruiz. 47 urtez, algortarra militante internazionalista da, nahiz eta ezagunagoa da urteotan AEKn edota EHEn egindako lanagatik. Seigarrenez parte hartuko du txapelketan. Algortako Bertsolari Eskolako kidea da.

• Josu Landeta Egurrola. 45 urteko getxoztarra. Urte andana eman du Algortako AEKn, azkenean afizioari heldu eta bertso irakasle sartu arte. UKBERRI.NETeko ohiko kolaboratzailea dugu. Bere esanetan, "txikitan familian eta inguru hurbilean euskarazko hitz batzuk entzuten nebazan, eta ama eta aiteterekin euskaraz egiten neban, baina orokorrean inguruko giroa erdalduna neban. 19 urterekin magisteritza ikasketak hasteagaz batera euskal munduan murgiltzen hasi nintzen, eta aurrerago euskal filologia ikasketak egindakoan murgiltze hori erabatekoa izan zan. 22 urterekin Algortako Bertsolari Eskolan sartu nintzen. Handik aurrera, bertso munduko hainbat arlotan ibili naz, helduen euskalduntze alfabetatzean ibilteaz batera. Azkenerako bertso irakasle egin nintzen, hasieran eskolaz kanpoko jardueretan, hezkuntza arautuan gero". Eskualde mailako hainbat txapelketetan parte hartu du eta inoiz Bizkaiko kanporaketarako sailkatu ere bai.

• Peio Arondo. Algortarrak 18 urte ez izateagatik, ez dute puntuatuko eta sparring lanak betetzea izango da bere lana.

• Oier Iturralde “Atano”. 26 urtekoa. Itzubaltzetako Bertso Eskolako kidea izanik, etxean jokatuko du. Euskal filologia ikaslea da.

• Pello Ruiz de Agirre. 26 urteko itzubaltzetarra. Euskal filologian lizentziatua, egun euskara teknikaria da Artezen. Itzubaltzetako Bertso Eskolako kidea eta, beraz, etxean jokatuko da.

Maiatzak 28, ostirala

Hirugarren kanporaketa Getxoko Txorimalo gaztetxean. Afaria 21:00etan hasiko da eta ostean izango da saioa. Bertsolariak: Joanes Igeregi, Miren Loizaga, Aitzol de Kastro, Jone Uria, Ekaitz Larrazabal “Katxo” eta Jagoba Pereda.

Ekainak 12, larunbata

Finala Algortako Villamonte kultur etxean, 18:00etan. Bertan, puntu gehien batuko duten sei bertsolariek hartuko dute parte.

Orain arteko sailkapena:

• Itxaso Paya, 238,5 puntu.
• Peio Etxebarria "Bonbero", 186.
• Unai Angulo, 184,5.
• Arkaitz Gomez "Arkan", 180,5.
• Inazio Vidal eta Imanol Uria (ez dituzte puntuatu)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun