Eusko Jaurlaritzako
Osasun Sailak joan den astean iragarri zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan larunbat goizetan zabaltzen duten osasun etxeen erdia aipatu egunetan itxi egingo dituztela, euren hitzetan, "egungo eredua jasangaitza delako, ekonomia eta antolaketari dagokionez". Argibide gehiago eman ditu gaur Julian Perez Gil
Osakidetzako zuzendari nagusiak. Zerbitzua ekainaren 19an etengo dute,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Hala ere, ez dute baztertzen "udalekin zein sindikatuekin negoziatzea". Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Astrubudua, Altzaga, Leioa eta Sopela anbulatorioak, larunbatetan, 9:00etatik 14:00etara zabaltzeari utziko diote. Horren ordez, Areetako etengabeko atentzio gunea joan beharko dira herri horietako gaixoak. Igandeetan eta jaiegunetan ere zabaltzen dituzte horiek. Argazkian, otsailaren 24an zabaldu zuten Astrabuduako osasun etxea.