Bi hilabeteren ondoren, Arabako ustezko ustelkeria auziaren sumarioari sekretua kendu zion joan den ostiralean Gasteizko Auzitegiko 4. Instrukzio epaile Roberto Ramosek. Beste hiru lagun inputatu ditu bertan. Hortaz, guztira, 11 lagun daude ustelkeriaz akusatuta. Berri agentziek zabaldutakoaren arabera, Gurutz Larrañaga da inputatu horietako bat. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuan Kultura sailburuorde izandakoa da Larrañaga. Inputatuta egonda ere, epaileak ezin izan dio deklaraziorik hartu, Espainiatik kanpo dagoelako, iturri horien arabera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Parke Teknologikoen Sareko presidente ohi Julian Sanchez Alegria eta Miñaoko Parke Teknologikoko (Araba) teknikari Miren Bilbao dira oraingo beste bi inputatuak .
Auziari buruzko auto mardula kaleratu du instrukzio epaileak: 19 ale eta 4.772 orrikoa. Martxoaren 17tik, Ertzaintzak Araban zortzi lagun atxilotu zituenetik, egindako ikerketak jaso ditu bertan. Orduan, EAJrekin zerikusia zuten hainbat lagun atzeman zituen Ertzaintzak: Alfredo de Miguel EAJko Arabako diputatua, Ainhoa Bilbao haren emaztea, Alfonso Arriola Miñaoko Parke Teknologikoko zuzendari ohia, Aitor Telleria Gasteizko Udaleko EAJko zinegotzi ohia eta EAJko ABBko ordezkaria, Araceli Bajo haren emaztea, Iratxe Gaztelu Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan EAJko hautagaia izandakoa eta Koldo Otxandiano Arabako Ongizate Institutuko zuzendari ohia. Influentzia trafikoa, eroskeria eta dirua zuritzea delituak leporatu zizkien epaileak atxilotutakoei.
Lurren salerosketa
Auziaren sumarioan izen berriak ez ezik, epaileak delitu berriak ere egotzi dizkie 11 inputatuei: zehazki, prebarikazioa, diru publikoa xahutzea, dokumentuak faltsutzea eta lehiaketa eta enkante publikoetan salneurriak aldaratzea. Dena dela, epaileak ez dizkio inputatu bakoitzari delitu guztiak leporatzen. Arabako auzian ustezko hirigintza ustelkeria ikertzen ari da epailea, eta berri agentziek autoari aipamen eginez zabaldu dutenez, lurren salerosketarekin du zerikusia ustezko ustelkeria kasuak. Zehazki, Miñaoko Teknologia Parkeko lurren salerosketagatik komisioak jasotzea leporatu die epaileak inputatu batzuei.