Naiara Billalabeitiak gogoratu duenez (mp3), Bizkaiko Trikitixa Elkartearen helburuen artean daude trikitixa sustatzea eta hedatzea eta baita trikitilari zein zaleen bilgunea izatea ere. "Formazioa, dokumentazioa eta sustatzearen ardatzak lantzen ditugu eta horien artean kokatzen da Bizkaiko Trikitixa Eguna antolatzea, horrek ere elkartearen zeregina zabaltzeko balioko baitu. Gure asmoa urtero herri desberdin batean egitea da", agindu du Billalabeitiak.
Bere aldetik, Jon Iñaki Zarraga Foru Aldundiko Kultur zuzendariak azpimarratu du (mp3) folklorea bizirik mantentzeko eta indartzeko garrantzia: "musika, dantzak eta folklorea direlako herri bezala dugun nortasuna eta bizitzeko moduak, zerbaiten parte garela erakusten dutenak. Horregatik igandean Getxon egongo gara gurearekin eta Aldundiak Bizkaiko eta Euskadiko arte eta kulturaren aldeko apustua egingo du”.
Ildo berean, Josu Loroñok nabarmendu du (mp3) "Getxon oso pozik gaudela Trikitixaren Egunaren lehenengo edizioa herrian ospatuko delako”. Era berean, gogoratu duenez, "Getxon trikitixa zabaltzeko ahalegina egiten ari gara eta egingo dugu, hainbat ekitaldi egiten ari garelako aspalditik, ekitaldi xumeak batzuk eta baita arrakastatsuagoak ere, tartean Musika Eskolako irakaskuntza eta duela hiru urtetik honako Nazioarteko Trikitixa Jaialdia".
Bizkaiko Trikitixa Eguneko egitaraua, igandean, maiatzak 23:
- 12:00etatik aurrera kalejirak Algortan zehar trikitixa eskolekin.
- 14:30etan trikitixa eskolen topaketa Algortako Tellagorri plazan.
- 15:00etan bazkaria Algortako Zabala Eskolan.
- 17:30etan erromeria Triki ta ke taldearekin Algortako Tellagorri plazan.