Maiatzaren 4tik 29ra egiten dabiltza aurten
Ekoeskola jardunaldiak,
Ekologistak Martxan taldeak eta
Bizizaleak Ingurumen Dokumentazio Zentruak antolatuta. Urtero bezala, Ibaizabal itsasadarrean barrena egingo dute txangoa, autobusez. Horrenbestez, larunbat honetan, maiatzak 22, goizeko 10etan abiatuko dira Bilboko udaletxeko eskaileretatik. Geldiune batzuk ere egingo dituzte Artxanda, Enekuri, Astrabudua zein Getxo udalerrian; eta Alex Cearreta EHUko irakasleak azalpenak emango ditu, itsasadarraren eboluzioari buruz. Enekuri aldean, bidezidorra jarraituko dutenez, mendi botak eramatea gomendatu dute antolatzaileek. 15:00etan egongo dira bueltan, Bilboko udaletxeko eskaileretan. Izena emateko epeari dagokionez, bihar, ostirala, eguerdiko 12ak arte, izango da horretarako azken eguna Ekoetxean (944 790 119 /
bizkaia[abildua]ekologistakmartxan.org), Zazpi Kaleetako Pilota kaleko 5. zenbakian. Argazkian, itsasadarra Lamiako inguruan.