Maximo Rivaherrera errepresaliatu ohiari azken agurra emango diote bihar Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 21a, 18:42

Joan den ostiralean, maiatzak 14, zendu zen Maximo Rivaherrera Bilbao "Marzelo" euskal errepresaliatu politiko ohia, Plentzia eta Gorlizko ezker abertzaleak jakinarazi duenez. Hartara, larunbat honetan, hilak 22, azken agurra emango diete senideek, lagunek eta herrikideek. Hitzordua eguerdiko 12etan jarri dute Astondo hondartza gorliztarreko inguruetan. Bitartean, oraindik ere senideen miaketak indarrean daude espetxeetan. Horren harira, Getxoko preso baten senideak egindako kexari Kordobako espetxeko zuzendariak emandako erantzuna argitara eman du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Hala ere, azpimarratu behar da Bilboko Instrukzioko 10 zenbakiko epaitegian tramiterako onartu dutela gertakari horiengatik egindako salaketa, egileak zigortu edota jasandako kalteen ordaina jasotzeko", nabarmendu du errepresioaren kontrako mugimenduak. Baina, Algortan, arazoei aurpegi ona jarriko diete gaur iluntzean. Arkaitz Goikoetxea eta Iñigo Otazua "Oti" herriko presoen urtebetetzeak ospatuko dituzte, 20:30etik aurrera, Amnistia tabernan. Argazkian, 2008ko apirilaren 9an zendutako Javier Larreategi Cuadra "Atxulo" ETAko kide historikoari ere Astondon eman zioten azken agurra / © Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun