Goizeko ekitaldien bukaera gisa, bazkaria egingo dute ikastolako guraso eta ikasleek, indarrak hartu eta arratsaldeko saioetarako prestatzeko. Arratsaldean karaokearekin hasiko dira 16:30ak aldera, ordu bat beranduago hiru musika talde gazteren emanaldiak ikusi ahal izateko. Taldeak, hauexek: Basatiak, Umore txarrez eta Garrasika, hirurak ikastolako ikasle eta ikasle ohiez osatuak. Horien ostean etorriko da Herri Kirolen Txapelketa, ikastolako ikasle eta gurasoen artean burutzekoa. Arratsalde osoan zehar, gainera, puzgarri handi bat egongo da ume txikien gozagarri.
Ikastolak etengabe sendotzen dihardu
Gainera, aurten, Betiko ikastolaren ikasle zein gurasoek badute zer ospatu ere: ikastolaren eraikin bien arteko jolaslekua guztiz estali berri du ikastetxeak, eguraldi txarra eta, batez ere, euria egiten zuenean alde bietatik guztiz itxita ez zegoenez, jolaslekua eta umeak bustitzea baitzekarren horrek.
Betiko ikastolak 452 ikasle izan ditu 2009-2010 ikasturte honetan zehar, ziklo ezberdinetan. Datorren ikasturtean, berriz, 500 bat ikasle izatea espero da, aurtengo aurrematrikulazioari erreparatuta. Sendotze bidean dago, beraz, Leioako ikastola, behetik bi lerro baititu maila ezberdinetan. Horretaz gain, 0-2 urte bitarteko haurtzaindegia dauka ikastolak, goizeko 8etatik arratsaldeko 6:30era zabalik. Uztailerako, gainera, eskaintza zabala atondu du: haurtzaindegiaz gain, 3, 4 eta 5 urteko umeentzat zaintza zerbitzua eskainiko du, eta baita udaleku irekia ere, Leioako Udalarekin elkarlanean. Udaleku ireki horren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, eta zehatzago emozioen adierazpenean euskaraz trebatzea. Horrela, "euskararen normalizazioaren bidean, aisialdiari duen garrantzia eman nahi zaio, hizkuntza geletatik ateratzeko lanean ahalegina eginez", ikastolako kideek adierazi dutenez. Negu gorria atzean utzita, udaberriko eta udako eguraldi koloretsu eta beroaz gozatzeko ari dira prestatzen Betiko Ikastolan, beraz.