Ekainaren 13an egingo dute bosgarren urtez Forum Sport Kosta Trail lasterketa, Uribe Kostan. Mendi lasterketaren zati bat Sopelatik igaroko da, 10:00etatik 11:30era bitartean, aurreikuspenen arabera. Urtero bezala, mendi eta familiarako martxak Sopelako udaletxetik abiatuko dira, 8:00etatik 9:00etara bitartean. Proba horiek pertsona guztiei zuzenduta daude, "norbere ahalmen fisikoa edonolakoa izanda ere", adierazi dute antolatzaileek. Horretarako hiru aukera egongo dira, lehena itsasertzetik doan 30 kilometroko mendi lasterketa, Getxon hasi eta Plentzian amaituko dena. Bigarrena, 12 kilometroko familia martxa, Sopelan hasi eta Plentzian bukatuko dena. Eta hirugarrena, 20 kilometroko mendi martxa. Azken hori Sopelan hasi, Ermuamendi igo (Gorliz) eta Plentzian amaituko da. Izena emateko epe muga ekainaren 6a izango da. Forum Sport dendetan edota
www.forumsport.com webgunean egiteko aukera egongo da. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatugabeek, berriz, 20 euro. Bestalde, martxetan izena emateko 4 euro ordaindu beharko dira. Argazkian, Uribe Kosta eskualdeko itsaslabar eta hondartzetan barrena, Forum Sport Kosta Trail lasterketaren laugarren edizioa / ©
Barrika.net.