Getxoko Andra Mari kiroldegia zabaldu zuten joan den larunbatean, hilak 22, bertako teilatua konpontzeko lanak amaitu ostean. Eraikina zaharberritzeko obrak urtebete inguruz luzatu dira eta 560.000 euroko inbertsioa eragin du, Toki Inbertsiorako Estatu Funtsaren kontura. Irekierarekin batera, ikasle getxoztarrek ekaineko azken azterketak prestatzeko eta ikasteko lekua izango dute bertan. Izan ere, Getxo Kirolak udal erakundeko kiroldegietako ikasgelak bete beteta egoten dira egun horietan. Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak adierazi duenez, "zaharberritzeari esker kirol instalazio hobeagoak ditugu, eta horien erakusgarria pilotalekua izango da. Horrez gainera, ikasleek ikasteko leku gehiago izango dute, ekipamendu honen berritze lanekin espazio gehiago irabazi dugulako helburu horretara zuzentzeko, lanak hasi aurretik ikasleek erabili ahal zituzten 174 plaza horiek baino gehiago baitira orain”. Argazkian, Getxoko Andra Mari kiroldegia obretan.