Amets Ladislao eta Ibai Egurrola algortarrak 2008ko abenduaren 8an atxilotu zituen Irunen Guardia Zibilak, Algortakoa ere den Aitor Artetxe ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu izana egotzita. Beraiekin batera, Javier Gutierrez "Guti" leioaztarra ere hartu zuten atxilo, “lanzadera” lanak egin izana leporatuta. Operazio horretan Guardia Zibilak bi egun geroago atxilotutako Marimertxe Alcocer algortarrak eta Maribel Prieto berangoztarrak bezalaxe, "bortizki torturatuak" izan zirela salatu zuten hirurek. Ladislaorekin batera, "2008ko uztailetik azarora", Berangoko bien etxean Asier Borrero ustezko ETAko kide algortarra ezkutatzea egozten diote Prietori; baita Frantziara eramatea ere, Egurrola eta Alcocer "lanzadera" lanetan zebiltzala. Egun, guztiak kalean daude, 18.000 euroko fidantza ordainduta. Fiskalak 7 urteko espetxe zigorra eskatzen du Ladislaorentzat eta 5 urtekoa gainontzeko uribekostarrentzat. Guztiei ETAri laguntza ematea leporatzen die.
Infernua
Gaurko prentsaurrekoan, TATeko kideak gogoratu duenez, "Garzonen protokoloa" delakoa aplikatu zien atxilotuei epaileak. Protokolo horrek ondoko neurriak jasotzen ditu: momentu oro familia informatua izatea haien senide atxilotuak ze egoeratan eta non aurkitzen diren; konfiantzazko medikua izatea (auzi-medikuarekin batera); eta azkenik, inkomunikazio garai osoa kamara bidez grabatua izatea. "Inkomunikazioa altxatu zietenean, orduan jakin genuen lau euskal herritar hauek ere torturatuak izan direla Guardia Zibilaren eskuetan: kolpeak, poltsa, flexioak egitera behartu, biluzteak, jazarpen sexualak, mehatxuak, irainak, atseden eza, lo falta, oihuak... Inkomunikaturik eman zituzten egunetan 4 gazte hauek infernua ezagutu zuten, eta dena helburu jakin batekin: beraien erruztatzeak lortzea", salatu du torturaren kontrako erakundeko ordezkariak. Gaur egun (urte eta erdi beranduago) irekita jarraitzen dute laurek inkomunikazio garaiaren ostean jarritako tortura salaketak Irungo eta Bilboko epaitegietan. "Eta prozedura hauen baitan dauden mediku-txostenetan ongi jasotzen dira lau euskaldun hauek jasandako tratu txarrak, Garzonen protokoloak duen eraginkortasun eza agerian utziz", gaineratu du TATekoak. Hartara, oraingo honetan ere inkomunikazioa eta tortura salatzeko deia egin dute, "inkomunikazioak torturak gertatzeko zigorgabetasun esparrua sortu egiten duelako eta horretaz baliatzen direlako oso helburu zehatzarekin; erruztatzeak lortzea".
Ildo beretik, "Espainiako Auzitegi Nazionalaren ekinbidea bertan behera uzteko" exijitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, "Euskal Herriaren kontrako errepresioa eta polizia operazioak geratu behar diren bezala". "Teoria polizialak onartu eta atxiloketak agintzen ditu inolako ikerketarik gabe, defentsarako oinarrizko eskubideak urratuz. Irizpide judizialak alboratuz, erabaki politikoen taupadaren erritmora dabilen epaitegia da. Independentziarik gabeko tribunal berezia da", AMMk salatu duenez. Horren adibide, 2009an bakarrik, 392 euskal herritar atxilotu eta horietatik 131 inkomunikatu zituzten, errepresioaren kontrako mugimenduak nabarmendu duenez. Iaz, 45 lagunek salatu zituzten torturak. Azken hilabeteotan, gatazka politikoaren konponbiderako emandako urratsei, berriz, "jazarpena eta errepresioarekin" erantzutea egotzi die Espainia eta Frantziako estatuei AMMk. Emandako datuen arabera, urtea hasi denetik 98 herritar atxilotu dituzte eta horietatik 50 inkomunikatu. Orotara, 35ek salatu dituzte torturak edo tratu txarrak.