Maiatzaren 28tik 30era bitartean, Euskal Herriko artisautzaren topagunerik handienetakoa bilakatuko da Getxo udalerria. Aurten 27. urteurrena ospatuko du azokak, eta bertan 97 artisauk parte hartuko dute. Horietako 83 Areetako Xake plazan egongo dira euren lanak erakusten. Gainerako 14ak, berriz, Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean kokatutako gastronomia gunean arituko dira. Sarrera doakoa izango da. Eta ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara (larunbatean, 21:30ak arte). Aurtengo azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzaz eginiko lanak, besteak beste. Guztira, 22 izango dira azoka horretan ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak. Argazkian, artisau bat lanean azokaren aurreko edizio batean / © Getxoko Kultur Etxea.