Udaletxe, anbulatorio, ospitale, irakaskuntza publikoko eskola eta bestelako erakunde publikoetan greba eguna deitua daukate gaurko
ELA,
LAB eta
EILAS sindikatuek. Baina, horrelakoetan gertatzen denez, alde handia dago langile erakundeek eta administrazioak egindako irakurketen artean. Hego Euskal Herriko arlo publikoko greba "oso jarraipen ona" izaten ari dela adierazi dute sindikatuek: Eusko Jaurlaritzan %55 baino gehiagokoa, eta diputazioetan eta udaletan, %75etik gora. Eusko Jaurlaritzak, baina, jarraipena %19koa izaten ari dela aipatu du. Behin behineko datuak baino ez dira horiek. Hala ere, Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Eskumaldeko LABek ere lanuzteen "balorazio ona" egin du. Emandako datuen arabera, Leioan euskaltegia eta liburutegia itxita daude. Eta orokorrean, udaletxean, jarraipena %80koa izan da. Astrabudua eta Altzagako kiroldegiak ere zarratuta daude eta Erandioko udaletxean langileen %20 inguruk egin du greba, sindikatu abertzalearen arabera. Bitartean, Getxoko euskaltegian eta udaletxean %50koa izan da lanuzteen jarraipena. Sopela eta Urdulizko udaletxeak, berriz, itxita egon dira. Ez, Berango eta Barrikan bezala. Azken udalerri horietan udaletxeak ireki eta lanean aritu dira, Eskumaldeko LABek adierazi duenez. Argazkian, Getxoko udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea eskualdeko funtzionarioek.