“4:15ean jagi naiz; Araujo Dk.arekin gosaldutakoan, 4:40an geltokirantz abiatu naiz” hitzekin hasi zuen Agirrek egunerokoa. 1941eko urtarrilaren 7 hartan, Bruselan Hanburgorako trena hartu zuen egunean bertan, nazien jazarpenetik ihes egiteko asmoz. Lan horrekin, irakurleak zehazki jakingo du Getxoko alkate ere izan zenak Belgikatik Ameriketara egindako ibilbidea, bide horretan nork lagundu zion, Atlantikoa zeharkatzeko izan zituen eragozpenak, Hego Ameriketan egin zioten harrera, britainiar eta estatubatuar zerbitzuekiko harremanak eta beste hainbat kontu besteak beste.
Bigarren Mundu Gerra
"Europan eskuineko eta erdiko alderdirik gehienak talde nazi-faxisten eskutan erori zirenean, EAJ, Errepublikaren urte baketsuetan erabat berritu eta gaztetutako zuzendaritza zuela, sasoi hartako katolizismo politikoko aukera demokratiko eta sozialki aurreratuenen alde agertu zen. Jacques Maritain-ek, Luigi Sturzok eta maila horretako beste zenbait pentsalari eta ekintzailek goraipatutako ideiekin bat egin zuen abertzaletasun jeltzaleak", adierazi du Sabino Arana Fundazioak. Gauzak horrela, pentsalari kristau-demokrata horiek gerra zibilean "Euskal Herriaren borrokaren alde" jartzera eraman zituen. Baita II. Mundu Gerran "euskal abertzaletasunak AEBetan iparramerikar administrazioarekin komunikatzeko bide bat aurkitzera ere, nazi-faxismoaren eta falangismoaren aurkako gerra irabazteko ahalegin bateratuan lagundu ahal izateko". Harreman horiek ere azaltzen dira idazkiaren orrialdeetan. Eskuizkribu horietan, Agirrek ez dihardu zuzenean independentziaz, baina Sabino Arana Fundaziokoek azaldu dutenez, "euskal arazo nazionalaren eta kubatarren arteko konparazioa ezin nabariagoa da. Eta emaitzarekiko fedea ere bai".
Argitalpen horren asmoa ikertzaileei eta, oro har, jendeari lehen mailako dokumentu bat helaraztea dela adierazi dute egileek. "Euskaldunek II. Mundu Gerran izan zuten parte hartzeari buruz argi gehiago egiteko balio behar du, haien buruzagi nagusiaren pentsamoldearen gaineko informazio gehiago emateaz gain", gaineratu dute. Hori lortzeko eta hobeto ulertzen laguntzeko, ohar argigarrien atal bat erantsi dute. Era berean, eskuidazkiaren informazioa osatzeko, beste 31 dokumentu erantsi dituzte. Horietariko gehienak gutunak dira, baina elkarrizketa batzuk eta prentsa-artikuluren bat ere aurki daitezke.
Argitalpen horren koordinatzaileak, Iñaki Goiogana historialariak, adierazi bezala, “Agirreren eskuidazki eguneroko hauek beraren bizitzako 17 hile bakarrik hartzea deitoratu besterik ez zaigu geratzen. Egunkariok irakurritakoan, zelan igartzen den Agirrek halako gehiago idazten jarraitu ez izana".
Agirre lehendakariaren egunerokoaren aurkezpen-ekitaldia, haren heriotzaren 50. urteurrena oroitzeko, AL50 Batzordea antolatzen ari den jardueretako bat da.
Egunerokoa Interneten ere bai
Orrizko argitaratzearekin batera, Agirre Batzordeak Lehendakariaren pentsamoldea ezagutarazteko edizio digitala Interneten jarriko duela ere jakinarazi du. www.lehendakariagirre.eu orriko "Testuak" sailean eskuratu ahal da erabiltzaileak modu errazean nabigatzeko aplikazioa.