Gaztelekua 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako topalekua da. Grafikoki, "pertsonaien collage" bat egin dute, hondo moduko mundu txiki bat erakusten duena, non irudiek musika, kirola, aisialdia... islatzen duten. Hondoa beltzez egitea hautatu dute eta berde argia borobilarentzat. Ludotekan, berriz, 5 eta 11 urte bitarteko umeak biltzen dira. Horretan, kontzeptu eta ikus baliabide berdinak mantendu dituzte, herritarrek gaztelekuarekin erlazionatu ahal izateko, baina nortasun berezi bat mantenduz. Kasu horretan, hondoko irudiak haurrei zuzendutako figurak eta ikonoak dira, non haientzat ezagunak eta hurbilak diren pertsonaiak topatu ahal izango dituzten. Koloreei dagokienez, hondorako fuksia erabili dute eta borobilerako morea.
Areetako ludoteka
"Kukupraka" izena jarri diote Areetako ludotekari. Eskoletako plazan kokatuta dago, 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta. 2008ko urtarrilean zabaldu zuten eta 2009ko irailetik 2010eko martxora bitartean 183 ume hurbildu dira bertara. Udarako, ekainaren 24tik irailaren 3a arte, eskaintza berezia prestatu dutela iragarri du Josu Loroñok, “beste behin ere, gurasoek familia eta lana bateratua izaten laguntzeko”. Udan ludotekak ateak zabalduko ditu 10:30etik 13:30ak arte. Astelehenetan ekimen osagarriak aurreikusi dituzte (ipuin kontalaria, dantza garaikidea ...) eta ostegunetan irteera txikiak (Getxoko Dinosauroen Parkera, Getxo Aquarium-era, hondartzara...). Ekimen horietan parte hartzeko ez da aurretiko izen ematerik egin beharko, soilik dagokion egunetan joatea baizik. Hala ere, zinegotziak jakinarazi duenez, "espazio arrazoiak tarteko, behin plazak betez gero ezin izango da ume gehiago sartu".
Algortako gaztelekua
Algortako Urgull kaleko gaztelekuak "GauEgun" izena du. Lokala 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Bertara joaten diren neska-mutilen kopurua ezberdina da egunaren arabera: igandetik ostegunera, 22 lagun inguru eta asteburuetan, berriz, 80raino igotzen da normalean. Uztaila eta abuztuan, bertako ordutegia aldatu egingo dute: 17:00etan zabalduta, astegunetan ordu bete beranduago itxiko dute, 21:00etan; eta asteburutan ordu bat eta erdi lehenago, 20:30ean. Hilabete horietan, gaztelekuak aire zabaleko jarduerak gehitzea aurreikusi du. Horretarako, Getxoko kirol klubekin jarri dira harremanetan kanoa-kayak, urpeko ekintzak, boleibola... egin ahal izateko.