Gaztetxeen zurrunbiloan sartu zen ostiralean Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa, emaitza paregabearekin gainera. Itzubaltzeta / Romoko zentro sozialean 84 lagunek egin zuten afari legea. Ondoren gerturatutakoak batuta, 110 pertsona inguruk gozatu zuten bertso saioaz. Hasi bezain laster, esku hutsik joateko asmorik ez zuela iragarri zuen (mp3) Arrate Illaro Ipar Uribeko azken txapeldunak. Esan eta egin. 249,5 puntu eskuratuta Uribe Kostako txapela janzteko hautagaitza aurkeztu zuen saioko neska bakarrak. Arratek atzean utzi zituen ALBEko bi beterako: kantatzen ari zen bakoitzean, bere ahots indartsuarekin gaztetxea dardarka uzten zuen Josu Landeta (217,5 puntu) eta Gabi Basañez (192,5 puntu). Bitartean, etxean aritu ziren Oier Iturralde "Atano" (185 puntu) eta Pello Ruiz de Agirre (184,5 puntu) Itzubaltzetako Bertso Eskolako kideek txalo zaparrada jaso zuten. Hala ere, txapelketetan "txalometroa" ez da nahikoa bertsolariak sailkapenean aupatzeko. Epaileek laugarren eta bosgarren postuetan kokatu zituzten, hurrenez hurren. Azkenik, sparring lanetan ibili zen Peio Arondo gaztea, baita "kolpe ederrak jaso eta eman" ere, Josu Landetarekin batera egindako zortziko txikiko ariketan (mp3) kasu.
Itzubaltzetako kanporaketako bertsoaldi onenak:
- Peio Arondo gaztearen lehenengo agurra (entzun).
- Oier Iturralde "Atano" itzubaltzetarraren lehenengo agurra (entzun).
- Gabi Basañez eta Josu Landeta zortziko nagusian (entzun).
- Pello Ruiz de Agirre eta Gabi Basañez zortziko txikian (entzun).
- Arrate Illaro bakarkakoan (entzun).
- Josu Landeta bakarkakoan (entzun).
Hirugarrena Txorimalon:
Gaztetxe batetik irten eta beste batera egingo du salto ostiral honetan, maiatzak 28, Uribe Kostako bertsolari txapelketak. Getxoko Txorimalo gaztetxean jokatuko dute hirugarren eta azken kanporaketa. Horrenbestez, puntu guztiak batuta, bertan erabakiko da ekainaren 12ko (larunbata) finalean abestuko duen seikotea. Algortako Villamonte kaleko kultur etxean izango da hori, 18:00etan. Bitartean, salgai daude jada Txorimaloko bertso saiorako txartelak, 10 euroren truke. Sarrerak lortzeko, betiko bidea: e-posta bota albegetxo[abildua]gmail.com-era edo SMS bat 605 704 385 zenbakira.
Txorimalo gaztetxeko kanporaketan arituko diren bertsolariak:
• Aitzol De Kastro. Leioaztarra. Azken urteotan gai-jartzaile aritu bada ere, Uribe Kostako finalean abestea zer den badaki.
• Ekaitz Larrazabal "Katxo". 1980, Algorta. Algortako Bertsolari Eskolako kidea eta 2006ko Ipar Uribeko txapeldunordea.
• Jagoba Pereda. 1979, Getxo. Irakaslea da azken hamar urteetan. Algortako Bertsolari Eskolako kidea da eta laugarrenez parte hartuko du txapelketan.
• Joanes Igeregi. 1985. Barakaldoko ospitalean jaio zen, eta ordutik Erandion (3 urte), Gatikan (10 urte) eta Sopelan bizi izan da. "Sopelako ikastolan izan neban bertso munduarekin lehen kontaktua. Urte batzuk ikastolan bertsotan ibili ostean, Algortako Bertsolari Eskolara joaten hasi nintzen. Batxilergoa amaitutakoan Arrasatera joan nintzen Eskoriatzan unibertsitate ikasketak hasteko. Bertan ere bertsotan egiten jarraitu neban. Aurreko irailean bueltau nintzen Sopelara, eta bi urteko geldialdiaren ostean Algortako Bertsolari Eskolara bueltatu naz bertsoei barriz ere ekiteko".
• Jone Uria. 1990, Algorta. Matematika ikasten dabil Leioan. 12 urte zituela hasi zen Algortako Bertsolari Eskolan eta ordutik bertan jarraitzen du. Eskolartekotean hainbat urtetan parte hartu ostean, 2008ko Bizkaiko txapelketan finalaurreetara heldu zen, baita 2009ko Euskal Herrikoan ere.
• Miren Loizaga. 1982, Sopela. Zuzenbidean lizentziatua, Administrazio Publikoan egiten du lan. Algortako Bertsolari Eskolako kidea da eta bertan dabil bertsotan, gai-jartzen eta antolaketa lanetan.
Orain arteko sailkapena:
• Arrate Illaro, 249,5 puntu.
• Itxaso Paya, 238,5.
• Josu Landeta, 217,5.
• Gabi Basañez, 192,5.
• Peio Etxebarria "Bonbero", 186.
• Oier Iturralde "Atano", 185.
• Pello Ruiz de Agirre, 184,5.
• Unai Angulo, 184,5.
• Arkaitz Gomez "Arkan", 180,5.
• Inazio Vidal, Imanol Uria eta Peio Arondo (ez dituzte puntuatu).