Irakasle eta ikasle euskaldunak ugaritu ahala, lehen tesiak eta ikerkuntza lanak euskaraz argitaratzen hasi ziren, EHUko "Ekaia" aldizkari zientifikoan besteak beste. EIREko (Unibertsitatetako euskal irakasleen elkarteak) 2001. urteko Euskal Unibertsitateari buruzko kongresuan, ikerkuntzaren egoera horrela laburtu zen: "Gaur egun, oraindik, oso zaila da doktorego-tesi bat euskaraz soilik egitea eta, batez ere, tesia euskaraz epaitua izateko, euskaldunez osatutako epaimahaia eratzea... oso ikerketa-proiektu gutxi burutzen dira euskaraz eta, gainera, euskaldunez osatutako ikerketa-taldeak gutxi dira. Hala ere, ikerketa-talde euskaldunek lan-hizkuntza euskara eduki arren, ikerketa proiektuak beste hizkuntzetan eskatzea eta burutzea oso arrunta da". Eta etorkizunerako egiten ziren proposamenetan horrela dio: "Unibertsitate desberdinetako irakasle euskaldunen arteko ikerketa-taldeak osatu behar dira, euskarazko ikerkuntza kalitatez garatzeko eta euskal komunitate zientifikoa sendotzeko, jakintza-arlo desberdinen arteko sinergia bultzatuz".
Ikerketari buruzko foroetan askotan mintzatu gara ikerlari euskaldunak gure hizkuntzari buruz eta, bizi-zientzietako alorrean, ia onartuta dago ikerketako emaitzen argitalpenak ingelesez egin behar ditugula, hizkuntza hau delako, momentuz, mundu mailan ikerlarien arteko "lingua franca" eta ez dagoelako gai berezietarako irakurle euskaldunen masa kritikorik. Baina horrek ez du esan nahi euskara zientifiko jasoa eta espezializatua garatu behar ez dugunik eta, horretarako, orain arte baino dibulgazio lan gehiago egin behar ditugu. "Elhuyar" aldizkaria edo urtero egiten diren OEEren (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) Osasun jardunaldiak erabil ditzakegun baliabide bi baino ez dira.
Doktorego-tesien ekoizpenari dagokienez, oso egoera bitxiak izaten dira. Unibertsitateko edozein ikasle euskaldunek, bigarren zikloan ez bada, hirugarren zikloan utziko dio euskaraz ikasteari (eskaintzarik ez dagoelako), eta horrek eragina edukiko du ikasle horren euskararen garapenean. Alde batetik, euskara teknikoa normaltasunez lantzeko aukera gutxiago edukiko du, eta bestaldetik, euskaraz ez ikasteagatik, hitz egiteko edota idazteko estiloan sor dakizkiokeen hutsuneak konpontzeko lanketa gehigarria eskatuko dio. Hau da, denbora gehiago. Gainera, ikerlarien euskararen erabilera lanean norberaren laborategiko kideen euskararekiko duten ezagutzagatik egongo da mugatua. Beraz, azkenean, zaila izaten da lau urte baino gehiagoko ikerketa lan gogorra egin eta gero lan horren defentsa euskaraz egitea jakinda horrek denbora gehiago eskatuko dizula; izan ere, aipatutako egoeraz gain, ohikoa da tesia euskaraz egitean, epaimahai euskalduna topatzeko ezintasunagatik, bestelako hizkuntza baten edo bitan itzuli egin beharra. Lan zama handi horregatik, tesien oso portzentaje txikia ekoizten da euskaraz. Egiatan, gero eta gutxiago, zeren eta euskaldunek hartu duten joera izan da zuzenean tesiak ingelesez idatzi eta defendatzea. Egoera hauek guztiek euskara zientifikoaren garapenean eduki dezaketen eragina aztertzea interesgarria izango litzateke.
Gaur egun, Euskal Herrian ez dago ikerkuntzan soilik aritzen den erakunde edo zentrorik, Espainiako CSIC edota Frantziako INSERM bezalakorik. Hori saihesteko, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eta Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegua Sailak diru laguntzak bideratu dituzte ezagutzaren gizartea sustatzera berrikuntza eta eraldaketa ekonomikoaren bila. Horrek eragina izan du bizi-zientzietako alor batzuetan; izan ere, azken urteetan, ugariak izan dira agertu diren "bio-enpresa" eta "bio-zentro" berriak, eta, horregatik, unibertsitateaz gain, laborategi berri hauetan ere ikerlari euskaldun asko ari dira lanean.
Horregatik guztiagatik, eta ikerlarien komunitate euskalduna batzeko asmoz, maiatzaren 28rako Eibarren dagoen Markeskoa jauregian, bizi-zientzietako ikerlarien lehenengo topaketa prestatu dugu, UEUren Osasun Sailaren eskutik. Jaso ditugun 28 ponentzien aurkezpenak hiru bloketan banatu ditugu: biologia eta neurozientziak, bioteknologia eta osasuna. Nazioartean erreferenteak diren goi mailako ikerkuntza taldeak bilduko gara Eibarren, eta, gure ikerketa lerroak ezagutzera emateaz gain, elkarrekin egoteko aukera izango dugu eta ikerketei buruz arituko gara, euskaraz noski.
Ekaitz Agirregoitia, Angel Bidaurrazaga, Koldo Callado eta Enrike Gutierrez UEUko Osasun Saileko kide eta EHUko irakasleek atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.