Atzo hasi zen Ibai Egurrola, Xabier Gutierrez, Amets Ladislao, Maribel Prieto eta Marimertxe Alcocer Uribe Kostako lagunen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusatuek ETAri laguntza eman izana ukatu zuten Angela Murillo buru duen epaimahaiaren aurrean. 2008an atxilotu zituztenean euren buruak erruduntzat joz egin zituzten deklarazioak ez zirela "ez askeak, ez borondatezkoak" izan azaldu zuten, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Guardia zibilek inkomunikatuta izan zituzten egunetan torturatu egin zituztela, eta horregatik esan zutela haiek agindutakoa, azaldu zuten. Deklarazioetan Asier Borrero eta Aitor Artetxe algortarrak gorde eta garraiatu zituztela onartu zuten arren, hori ez dela egia ziurtatu zuten. "Ezinezkoa da", esan zuen Egurrolak. 2008ko azaroaren 15ean Borrero Ipar Euskal Herrira eraman izana egozten diote, baina, haren hitzetan, urtero Algortan egiten den herri bazkaria antolatzen egon zen egun osoan. Argazkian, 2008ko abenduaren 28an 500 bat lagun batu zen eguerdian Algortan, bost epaituek jasandako "tortura basatiak" salatzeko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!