Maribel Landa Gaubeka alkate jelkideak ohiko udal osoko bilkura "deitzeari uko egin" diola salatu du Koldo Martinez Berangoko Ezker Batuko zinegotziak. "Gairik ez" dagoela jarri omen du aitzakiatzat tokiko agintariak. Hala ere, Martinezek aipatu duenez, EBk mozioa aurkeztu du "Euskadin Zapateroren neurri antisozialak ezarri ez daitezela eskatzeko". Zinegotzi federalistak "erantzukizunen utzikeria larritzat" jo du Landaren erabakia. Tokiko Erregimenaren Oinarriei buruzko Legearen 46. artikulua kontuan izan, "bi hilabetean behin" egin behar dute osoko bilkura 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerriek. Martinezen arabera, ostegun honetan izan beharko litzateke, 19:30ean. Alkatearen jarrera ikusita, Bozeramailearen Batzordearen bilkura ere eskatu du Ezker Batukoak, baina oraingo honetan ere ez du erantzunik jaso. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea.