Defentsaren lekukoek deklaratu dute gaur 2008ko abenduan atxilotutako Uribe Kostako bost lagunei Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari zaizkien epaiketan. Europa Press albiste agentzia espainolak nabarmendu duenez, Marimertxe Alcocerrek "biolentziaren aldeko aipamenik inoiz ez duela egin" adierazi dute auzipetuak euren senideei eskolak emandako edo bere lagunarteko kide diren hiru pertsonek. Bitartean, Ibai Egurrolak atzo esandakoa baieztatu dute beste bi lekukok. Aipatu dutenez, Asier Borrero ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu ei zion egunean, gazte algortarra eurekin egon zen goizetik gauera; "400 edo 500 lagun batu ziren" baba-jana antolatzen, alegia. Amets Ladislaorekin batera, Borrero euren etxean ezkutatzea leporatzen diote Maribel Prietori. Hala ere, denbora horretan aipatu etxebizitzan gizonik ez zutela ikusi deklaratu dute emakume berangoztarraren lagun bik. Bertan lanean ibili zen pintoreak ere "etxe guztian ibili arren, inortxo ere ez zegoela" adierazi du. Ladislaoren nagusiak, berriz, aipatu datetan neska abeltzaintza-saneamendurako kanpaina batean berarekin lanean ari zela esan du; baita hori frogatzeko agiriak aurkeztu ere. Argazkian, astelehenean prentsaurrekoa eman zuten bost auzipetuetatik lauk.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!