Ezker abertzaleko hautetsiek atxilotze eta torturatze arriskuan dauden eskualdeko gazteei elkartasuna eta babesa eskaintzeko
mozioa aurkeztuko diote ostiral honetan, maiatzak 28, Getxoko Udal Batzarrari. 2009ko azaroaren 24an 34 gazte atxilotu zituzten Segiko kide izatearen akusaziopean. Sarekada horren baitan, hilabete beranduago, Gorlizko gazte bat ere atzeman zuten. "Inkomunikaturik egon zen 3 egunetan tratu txarrak jaso zituen. Galdeketetan eskualdeko 10 lagunen izenak atera dira eta hauen kontrako erruztatzeak sortu ditu espainiar poliziak inkomunikazioan pairatutako tratu txarren ondorioz", salatu dute ordezkari independentistek. Gauzak horrela, "euren izenak legez kanpoko galdeketetan ageri izanagatik atxilotze eta torturatze mehatxupean bizi diren Getxoko eta Uribe Kostako gazteei elkartasuna eta babesa" eskaintzea eskatu diote
Getxoko Udalari; baita "tortura ahalbidetzen duen inkomunikazioa ezabatzeko eskaerekin bat egitea" ere. Azkenik, Espainiako estatuari "erakunde sozial eta politikoen ilegalizazioak baimentzen dituzten legeak indargabetzeko eskatzea" galdegin diote tokiko erakundeari. Argazkian, antzerki-parodia egin zuten gazteek ostiralean Algortan.