“Konfiantzarekin itxarongo dugu, Gobela ibaiaren proiektu orokorrari Eusko Jaurlaritzak ematen dion lehentasunaz zalantza guztiak argitu ez ditugun arren”. Hitz horiekin baloratu du Imanol Landa Getxoko alkateak gaur goizean, Gasteizen, Ignacio Atxukarro Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako eta Uren sailburuordearekin izandako batzarra. Landak nabarmendu du sailburuak aipatu duela proiektuak bere tramitazioan jarraitzen duela eta “ez dagoela inolako arrazoirik proiektua moteltzeko, eta are gutxiago, gelditzeko”. Baina “behin betiko erabakia hartu ez denez oraindik ezin dugu zalantza argitu”, zehaztu du alkateak. “Proiektuaren tramitazioak aurrera darraiela entzun ondoren, pertsonengan uste osoa izaten segitu nahi dut eta, hartara, datozen hilabeteetan Jaurlaritzak Gobela ibaiaren proiektu orokorra egingo dela berretsiko duenaren zain geratzen naiz”, azpimarratu du jelkideak. Argazkian, Gobela ibaiak 2008an eragindako uholdea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!