Ostiral eta larunbaterako Euskal Jaiaren edizio berria antolatu dute Plentzia eta Gorlizko Udalek, Uribe Kostako Mankomunitatearen, Plentziako institutuaren, Gorlizko ikastetxearen eta AEKren laguntzaz. Horrenbestez, etzi goizez, Astillero plaza plentziarrean (euria bada, pilotalekuan) egingo dituzte jarduerak. 10:30etik aurrera, tailerrak eta jolasak izango dituzte eskola-umeek. 12:45ean, berriz, bazkaltzeko tartea hartuko dute. Eta, 14:15etik aurrera, "Dantzaz blai" ikuskizunaz gozatzeko aukera edukiko dute haurrek, Jakin eta Jolas taldearen eskutik. Arratsaldean, baina, Gorliz aldean izango da Potxin eta Patxin pailazoen "Kresalaren usaina" izenburuko emanaldia. Hitzordua 18:00etan jarri dute Iberrebarri plazan. Ospakizunekin jarraituz, larunbatean, sagardotegi ibiltaria (sagardoa, trikitilariak, bertsolariak…) egingo dute Astilleron, 12:00etatik 14:30era. Bukatzeko, Iberrebarrin izango da dantzaldia, 18:30etik aurrera, Bentazaharreko mutiko alaien eskutik. Argazkian, 2009ko martxoaren 27an Bentazaharreko mutiko alaiek girotu zuten Korrikaren hasiera ospatzeko kantu afaria Leioan / © Berbalamiñe Euskara Elkartea.