Bestalde, Auzolan egitasmoak bere lekua mantenduko du egitarau berezi horretan. Leioako herritarrak, adin guztietakoak, espazio komuna guztien artean konpondu, hobetu edota berreskuratzeko asmoz batuko dira. "Leioan guztion artean (eta guztientzat) ikasteko espazioak sortzen eta hazten lagunduko digun hezi-ekintza komunitario bat izango da", udal agintariek esan dutenez. Aurten aukeratutako tokia Kunkurdi parkea izango da.
Kanpaketa
Horretaz gain, gero eta arrakasta gehiago duen kanpaketa ere ospatuko dute larunbat eta igandean. Horrenbestez asteburua partekatzera eta parte hartzera gonbidatu dituzte Leioako familia guztiak Ondizen egingo duten ekimenaren bosgarren edizioan. 16:00etan ongietorria izango da, kanpin dendak muntatuko dira eta gainontzeko gauza guztiak prestatu. Gero jolasteko eta harremanetan hasteko ordua helduko da, afaria prestatu bitartean. Parte-hartzaile guztiek janaria konpartituko dute: bakoitzak nahi duena eraman dezake eta bertan banatu denen artean. Egunari amaiera emateko, urtero ezberdina eta sorpresaz beteta dagoen isiltasun gaua ospatuko dute. Igandean, gosaldu ondoren, aire jolasen txanda izango da, kometak zeruaren jabe egingo direla. Kanpaketara, adingabekoak nagusiez lagunduta joatea gomendatu dute, "benetako espiritua mantentzeko eta elkarkidetza sustatzeko". Informazio gehiago www.herrigune.org edo 635 738 931 telefono zenbakian.
AE21 autobusa
Gela mugikorra paratuko dute maiatzaren 30etik ekainaren 2ra bitartean, Leioan. Autobus hori Bulebar-Artatza-Pinueta eta San Bartolome auzoetatik ibiliko da, eta igandean batez ere herritarrentzat irekita izango da. Baina, autobus horren helburu nagusia Leioako ikasle gazteei ikasgai berri bat erakustea izango da, hiri hondakin solidoen tratamendua, hain zuzen ere.