
Uribe Kostako bost lagunentzako zigor eskaerak berretsi egin ditu gaurkoan Carmen Monfort fiskalak, Espainiako Auzitegi Nazionalean egin den
epaiketaren azken saioan. Akusazioko letraduaren arabera, "froga nahikoak" daude 7 urteko espetxe zigorra jartzeko Amets Ladislaori; eta 5 urtekoa Ibai Egurrolari, Javier Gutierrezi, Maribel Prietori eta Marimertxe Alcocerri. Asier Borrero eta Aitor Artetxe ustezko ETAko kide algortarrak ezkutatu eta ihes egiten lagundu izana egozten diete. Besteak beste, guardia zibilen eskuetan zeudela egindako euren buruen kontrako erruztatzeetan oinarritu du akusazioa Monfortek,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Bitartean, abokatuek bost uribekostarrak absolbitzea eskatu dute, aipatu erruztatzeak "torturen bitartez" atera zizkietelako. Horri eusteko, atxiloketak "urduritasun egoera" eragin ziela nabarmendu dute konfiantzako hiru medikuk. Defentsako letraduek gaineratu dutenez, leporatzen zaizkienak frogatzekotan estalketa delitua litzateke eta ez ETAri laguntzea, Artetxe eta Borrero ETAko kideak direnik ez baita inongo epaiketan ebatzi oraindik. Argazkian, astelehenean prentsaurrekoa eman zuten bost auzipetuetatik lauk.