Birkokatze hori etengabekoa dela eta, horregatik, Gobernu Taldekoek horretarako plan zehatzik idaztea beharrezkoa ez dela adierazi du Arregik, "idatzi ahala zahar geldituko litzatekeelako". Getxo udalerrian, orotara, 535 edukiontzi gune edo irla daude, zeinetatik guztira, 1.053 edukiontzi dauden. Horietatik 602 zaborretarakoak dira, 244 ontziena eta 207 paperezkoak.
Tokiz aldatzeko irizpideak
Zerbitzua 90eko hamarkadaren amaieran ezarri zenetik, edukiontzi-multzoak ipintzeko irizpideak irisgarritasuna, gaikako bilketa eraginkorra egitea eta herritarrentzat eroso izatea izan dira, besteak beste. “Legegintzaldi honetan, auzotarren eta salerosleen eskaerei erantzunez, eta zerbitzua ematen duten adituekin eta beste udal arlo (bide-zaintza, zirkulazioa eta aparkalekuak, ekonomia sustapena, merkataritza) batzuekin bat etorriz, beste irizpide batzuk erantsi ditugu: oinezkoen segurtasun maila areagotzea, arrazoi komertzialak, oinezkoentzako guneak liberatzea, aparkaleku kopuru gutxienekoa murriztea, ahal den neurrian edukiontziak espaloi gainetan ez ipintzea (eta, behar izatekotan, erraz ibiltzea bermatuz); eta udalerrian bereziki esanguratsuak diren lekuetan, berbarako Zugatzarten, ipintzerakoan estetika zaintzea”, azaldu du Arregik.