Landak azpimarratu duenez, "krisialdi garai honetan Udal Gobernu Taldearen helburuetariko bat gastua, aberastasuna eta bertoko lanpostuak mantendu eta sustatzea da. Bisitariak hona etortzea ezinbesteko oinarria da, Getxon hain garrantzitsuak diren merkataritza eta ostalaritza sektoreak sustatzeko”. Aitor Soloeta Turismo eta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak gogoratu du "XIX. mendearen bukaeratik gaur arte Getxo izan dela, eta dela, oporraldirako eta aisialdirako kostaldeko erreferentzia-tokia".
Egitaraua
Ildo horretan, Getxo Sea Week ekimenaren turismo, kultur eta kirol jarduerak itsasertzaren 3,5 kilometroko luzeran egingo direla esan du, Bizkaia Zubia eta Portu Zaharra lotzen duen ibilbidean hain zuzen, Txurruka moilako monumentu pasealekutik eta Kantauriko kostaldean dagoen Kirol Portu handienetik igaroz. Aurreikusitako jarduera batzuk, aurreratu du Soloetak, honako hauek izango dira: "Zirgariak" ikuskizuna Bizkaia Zubian, "Belle Epoque" izeneko merkataritza azoka Txurrukako moilan, Kraken-Txibia erraldoiari buruzko erakusketa Kirol Portuan eta itsasontzi klasikoen topaketa Portu Zaharrean. Horretaz aparte, kometa jaialdia, Espainiako itsas akuario zaleen bilgunea, itsas zinema eta sardina janak ere egitea aurreikusita dago. Gidatutako bisita turistikoen programa, bela eta nabigazio ikastaroak, itsasontzietako irteerak eta tren turistikoaren jarduerak ere indartuko dituzte.