Etzi, igandearekin, Ibaizabal gasolina-txalupaz ezagutzeko txango gidatuak abiatuko ditu bigarren urtez
Erandioko Udaleko Kultura Sailak. Tokiko iturriek azaldu dutenez, "Itsasadarra hainbat hamarkadatan Bizkaiko ekonomiaren kale nagusia bilakatutako ubidea da. Merkantzien garraioa eta industriaren garapena erraztu ditu berak". Horregatik, maiatzaren 30 eta uztailaren 18 bitarteko txangoetan ikuspegi "historiko-kulturaletik" so egingo diete Bilbo Handiko bi ertzei, bertan azken urteotan emandako "ekonomia eta hiri eraldatzea" aztertzeko. Txango guztiak doakoak izango dira eta Altzagako kaitik irtengo dira, igandero goizeko 11:30ean. Handik Arriaga antzokira eta Bizkaiko zubira joango dira hurrenez hurren, atzera bueltan Altzagara heldu arte. Txangoetan parte hartzeko, aurretik 944 890 140 edo 946 025 891 telefonoetara deitu edo udaletxean edo Astrabuduako udal bulegoan izena eman beharko da, tokiak mugatuak baitira. Hori dela eta, Erandion erroldatuek lehentasuna izango dute. Taldea osatzean, txangoaren data telefonoz baieztatuko du Kulturak. Argazkian, Ibaizabal Lutxanatik ikusita.