Sopelako Udalak Metro Bilbao garraio enpresari eskatuko dio zerbitzuaren maiztasuna handitzea, etorkizunean Urdulizen eraikiko den eskualdeko ospitalea dela-eta. Eusko Alkartasunak aurkeztutako mozioa atzoko (maiatzak 27) osoko bilkuran onartu zuten. Eskualdeko ospitaleko kontsultetara joateko, Uribe Kostako zonaldera jende gehiago gerturatuko dela aurreikus daitekeela azaltzen du proposamenak. Zentzu horretan, Sopelako Udalbatzak beharrezko ikusten du aurreikuspen horiei aurre egitera eta garraiobideen azpiegitura hobetzea. Ordutegiak eta maiztasunaren handitzea Sopelako Udalaren aspaldiko eskaera da, tokiko iturriek aipatu dutenez. "Osoko bilkurak gaiari heldu dio berriz pisuzko arrazoi berri batekin. Azken batean, Metro Bilbaok Sopelan ematen duen zerbitzua hobetzeko beharra handituko da ospitalearen eskutik", gaineratu dutenez. Mozio hori onartzeaz gain, udal ordezkari sopeloztarrek garraio enpresaren bulego nagusietara elkarrekin joateko konpromisoa hartu dute, Sopelako talde politiko guztiek bertatik bertara eskaera helarazteko. Argazkia: © Metro Bilbao.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!