Euskal preso politikoek debekatuta daukate EHUn, NUPen, Deustuko Unibertsitatean, Nafarroako Unibertsitatean edo Mondragon Unibertsitatean ikastea. Beraien ikasketak UNEDen espainolez egitera behartzen dituzte. "Beraz, hezkuntza eskubidea urratua izateaz gain, hizkuntza eskubidea ere ez diete errespetatzen", salatu dutenez. Frantziako espetxeei dagokienez, bertan dauden presoek Espainian daudenen antzeko egoera batean aurkitzen dira. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, "orain arte EHUn ikasteko aukera zuten, baina aurtengo ikasturtean, Espainiako epaitegiek presoen ikasketak arautzen zituen protokoloa indargabetzearen ondorioz, ezinezkoa izan zaie ikasketekin jarraitzea. Gauzak horrela, espetxeetan ikasketak bukatuta edo erdibidean dauzkaten presoen egoera kolokan uzten du egoera horrek".
Hainbat ekimen
Egoera horri aurre egiteko, hainbat ekimen burutu dira: EHUn, aipatutako protokoloa aho batez onartu zen eta Errektore Taldeak helegitea jarrita du auzitegietan; EHUko Gizarte Kontseiluak ere presoek EHUn ikasteko eskubidearen aldeko adierazpena onartu zuen. Unibertsitate ezberdinetan sinadura bilketak burutu dira, eta aurten, NUPen ere ekimen ezberdinak egin dituzte. Unibertsitateetako eragileek azaldu dutenez, "unibertsitate-komunitatean gehiengo zabal batek bat egiten du euskal presoen ikasteko eskubidearekin. Hala ere, kezka handiz ikusten dugu beste ikasturte bat igaro dela euskal presoen ikasteko eskubidea gauzatu gabe". "Zortzi urte pasatu dira 2002-2003 ikasturtean Espainiako Gobernuburua zen Jose Maria Aznarrek une horretan EHUn matrikulatuta zeuden preso guztien ikasketak etetea agindu zuenetik", gogorarazi dute.
Egindako lege aldaketaren arabera, presoek UNEDetik kanpoko unibertsitateren batean ikasteko, aukeratutako unibertsitateek hitzarmena sinatu behar dute espetxeetako zuzendaritzarekin. Hala ere, "blokeo egoera" batean daudela salatu dute. "Izan ere, EHUko errektoreak, bide hori jarraituz, zuzendaritzari egindako eskaerei muzin egin die", kritikatu dutenez. Hori guztiagatik, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuarekin bilera egiteko eskakizuna zabaldu dute, horretarako gutun bat helaraziz.
"Eskubide urraketa honen aurrean, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza arduradunek ezin dute beste aldera begiratu", euren hitzetan, Hezkuntza arduradunei dagokielako "euskal presoen euskaraz eta nahi duten unibertsitatean ikasteko eskubidea bermatzeko urratsak ematea". Zehazki, Espetxeetako Zuzendaritzarekin beharrezko harremanak egitea eskatu diete, Hego Euskal Herriko unibertsitate ezberdinekin, "bereziki publikoak diren EHU eta NUPekin", euskal preso politikoek bertan ikastea ahalbideratuko duten hitzarmenak ahalik eta lasterren sina ditzaten.
Atxikimenduak
Eragileak:
- ELA
- LAB
- EILAS
- Etxerat
- SalHaketa
- Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE)
- Ikasle Abertzaleak (IA)
- Presoen Aldeko Taldeak (PAT)
- Gazte Independentistak
- Txantxangorri Euskara Taldea
- Bilgune Feminista - Hezkuntza
- Gasteizko campuseko AHT Gelditu! Elkarlana
- Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea (GUET)
- Asanblada Libertarioa - Arabako campusa
Norbanakoak:
Ondoko unibertsitateetako ehunka ikasle, irakasle eta langile:
- Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)
- Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP)
- Deustuko Unibertsitatea
- Nafarroako Unibertsitatea
- Mondragon Unibertsitatea