Getxoko Kirol Jokoetan parte hartu duten ikastetxeei esker ona emango die bihar Algortako Fadura kiroldegian Udalak. Ekitaldia 13:15ean hasiko da. Maiatzean egindako jokoen helburua udalerriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetako ume getxoztarren arteko lehiarik gabeko kirol praktika bultzatzea izan da, umeek lehiaketak eskatzen duen presiorik gabe kirol desberdinetan parte hartuz. Joko horietan San Inazio, Andra Mari, Zubilleta, Zabala, Azkorri, Trinitarias, M.D. Pastor eta Larrañazubi ikastetxeetako eta Gobela, Geroa eta San Nikolas ikastoletako 1.150 haurrek hartu dute parte atletismo, herri kirol, igeriketa, saskibaloi, futbol, jolas eta puzgarrietan. Ikastetxe bakoitzak Athleticen elastiko ofizial bat, lehenengo taldeko jokalariren batek sinatuta; Bizkaia Bilbao Basket taldeko entrenamenduetarako elastikoak, oroigarriak eta Unai Basurkoren DVDa jasoko ditu. Yahaira Agirre judoka eta Unai Basurko nabigatzailea ekitaldian izatea aurreikusi dute. Argazkian, Unai Basurko.