Zapping nostalgikoren bat ikusten nenbilela uste nuen. Bariku gauetako telesail astun hura ikusi baino, falta zitzaizkidan kromoen zerrenda egitea gurago nuen garaikoa. Baina indaba zuriak ere, lotsaren lotsaz, tolosar bihurtu ziren esperpentoaren aurrean. Urrusolo gure etxeko suetan zegoen berriz ere. Terol ikusi arte, ostera, ez nintzen ohartu tragediaren dimentsioaz.
Madrilgo alderdiek Madrilgo enpresak. "Berts is berts", mikrofonoko pitxitxi batek zioen legez. Baina badago liberalenak ere nazionalismoa goraipatzen duen kasu bat. Kanpotik dakarzuna berton kendu duzuna baino kalitate eskasagokoa eta garestiagoa denean, zenbakiak lekuko.
"Sautrela" eta "Goazen!" kenduko ei dituzte, "Hitzetik Hortzera" ez ei dago seguru, ez naiz hasiko hutsune nabariak utzi dituzten aurkezle, iritzi emaile eta enparauen izenen zerrenda osatzen. Eta saio horietan guztietan gauza asko aldatuko nituzke, baina hor egoteko eskubidea lan eta ahalegin handiz irabazi dutela uste dut.
Politika eta dirua nahasten dira laugarren boterearen estolderietan. Izaera publikoa duten finantza erakunde bizkaitarren izenak entzuten dira Quevedoren sonetoetan. Kultura politika berria egin guran, gure kulturaz hain gutxi jakin ezen gure hitzak ulertzeko gai ere ez direnen gidaritzapean. Bateren batek nire hileroko nominaren zaintza irabaziko du datuak konfirmatzen badira.
Elizak elizarekin bezala, telebistak amaituko du telebistarekin.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.