Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteak "AHT, Begoña gaztelua, LZP... proiektu txikitzaileak" izeneko hitzaldi zikloa abiatuko du ostegunean. Horrela apirilean martxan jarritako
langileriari buruzko zikloari jarraipena emango diote. Ostegun honetako hitzaldia Uribe Kostako Lurralde Zati Plana eta Algortako Begoña gazteluaren ingurukoa izango da. Datorren asteartean, ekainak 8, berriz, Abiadura Handiko Trenaren inguruko saio monografikoa egingo dute. Baina, dena ez da izango hitz egin eta entzutea. Brankak egitasmo dinamikoagoak ere prestatu ditu. Esate baterako, Elorrio eta Arrasateko mugan dagoen Udalaitzerainoko mendi txangoa izango da ekainaren 13an, igandearekin. Bertan, AHT egiteko lanen ondorioak ikusgai izango dituzte. Azken ekimen hori goizeko 9etan abiatuko da Brankatik. Hitzaldiak, ordea, 19:30ean izango dira. Azkenik, argazki erakusketa izango da Brankan, ekainaren 12ra arte.