50.000 pertsona hurbildu dira Getxoko 27. Eskulangintza Azokara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 31a, 22:09

Atzo, igandearekin, bukatu zen Areetan eta Itzubaltzeta / Romon egindako eskulangintza azoka. Asteburuan zehar, orotara, 50.000 lagun bertaratu dira Getxoko Kultur Etxeak emandako datuen arabera. Gauzak horrela, iazko emaitzak berriro ere eskuratu egin ditu azokak, eta aipagarria da aurten, gastronomia-sailak, Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean kokatutakoa, "arrakasta handia" izan duela. Ostiralean bertan, azokak jende ugari erakarri zuen ingurura lehenengo ordutik. Azokan 83 salmenta-postu egon dira eta bisitariek 22 espezialitateko artikuluak ikusteko eta erosteko aukera izan dute. Larunbatean eta igandean publikoak bete egin zuen plaza, nahiz eta aurten karparik ez egon eta postuen arteko korridoreak zabalagoak izan. Argazkian, 2008ko eskulangintza azokan Roman Aduriz oiartzuarra egurrezko kateak egiten.

Lehiaketak:

Lehiaketetan, bi sari nagusiak gelditu dira Uribe Kostan eta Erandion. Diseinuko alorrean, Luis Artola Ibarguren getxoztarrak sortutako Artola Biolingilea egurrezko teiluen eta musika instrumentuen tailerrak irabazi du lehenengo saria, egurrean tailatutako ekilorearen bidez. Bigarren saria Pablo A. Caporaliren eta Maria Jose Mattioliren Huescako (Aragoi) Joyas Silvestres tailerrak eskuratu du zilarrezko lepoko bati esker. Stand Lehiaketari dagokionez, Erandioko Juan Carlos de Diego eskulangilearen beira tailerra atera da irabazle eta bigarren saria Gasteizko Miren Eloie Perezen Aiasure zeramika tailerrak eskuratu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun