Bruselan Euskal Herriko independentzia aldarrikatu dute ehunaka gaztek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 31a, 22:18

Ehunaka gaztek hartu zuten Bruselarako bidea joan den ostiralean, GaztEHerriak antolatutako hamabi autobusetan. Euskal Herriaren biziraupenerako independentzia aukera bakarra dela aldarrikatzeko asmoz, 20:00etan irten ziren busak Euskal Herriko hiriburuetatik. Bruselako manifestazioa, ordea, larunbateko 12:00tarako hastekoa bazen ere, Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan jarritako kontrolak direla eta bidaia lau ordu inguruz atzeratu egin zen. Kontroletan gazte guztiak identifikatu eta bideokameraz grabatu zituzten. Azkenean, behin Bruselara helduta, hiru ordu eta erdiko atzerapenarekin “Freedom for the Basque Country. Civil & political rights for the basque youth” lema zuen pankartarekin hasi zuten manifestazioa Roi Albert II bulebarretik. Euskal Herriko lagunekin batera, nazioarteko 50 gazte eragilek ere parte hartu zuten aldarrikapenean. Ekimena ordu eta erdi iraun zuen eta ekimenari amaiera emateko Albertinaplein plazan burutu zuten ekitaldia. Argazkian, Bruselan egindako manifestazioa / cc-by topatu.info.

Topatu.info-k egindako kronika:

Azken autobusak iritsi direnerako ehunka lagun zituzten zain gogotsu. Independentziaren aldeko oihu ozenez hasi da martxa “Freedom for the Basque Country. Civil & political rights for the basque youth” lema zuen pankartarekin. Atzetik “Independentzia!” zioen beste pankarta bat eta azkenik euskal gazteria nazioarteko eragileekin, kolore biziko banderak eta kamisetez jantzita.

Ordu eta erdiko manifestazioan zehar etengabeak izan dira Euskal Herriaren askatasunaren aldeko eta independentziaren aldeko oihuak. Bitartean zenbait gaztek esku-orriak banatu dizkiete Bruselako herritarrei GaztEHerriaren eta nazioarteko eragileen manifestuaren edukiak jakinaraziz. Harrituta begiratzen zuten euretako askok.

Albertinaplein plazan euriak eta txalapartak egin diete ongi etorria gazteei. Ondoren Andoni Rojo eta Itxaso Cuevas bozeramaileek hartu dute hitza. Euskal gazteria goraipatuz hasi dute interbentzioa. “Independentzia amesten dugun gazteok ametsa errealitate bihurtzeko gai garela erakusten ari gara”, adierazi dute ozen. Independentzia “proiektu oso bat” dela gaineratu dute eledunek, “denok gara beharrezkoak, ikasle zein langile, emakume eta ekologistak, autogestioaren aldekoak eta musikariak, baserritar gazteak edo jai herrikoien bultzatzaileak, denok lanean, bakoitza beretik, baina denok batera, elkarlanean, lortuko dugu ametsa zena errealitate bihurtzea!”.

Hala ere, independentziaren aldeko lana askatasun osoz ez dagoela burutzerik gogorarazi dute. “Gazteon kontrako sarekadak asteroko berria izaten ari dira, inkomunikazio aldian jasandako torturak sistematikoki ematen dira, eta kartzela da guzti honen emaitza gehienetan” eta hain zuzen ere “nazkatuta gaudela” aldarrikatzera “ eskubide guztien aitzindaritzat bere burua izendatzen duen” Europar Batasunaren erdigunera etorri direla gaineratu dute. Bukatzeko, hartutako bidea ona dela eta lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi dute.

Ondoren nazioarteko eragileen izenean Ogra Shinn Feineko kide bat mintzatu da. Honek Europan “autodeterminazio eskubidearen aldeko” aldarria aurrera eraman duten eta daramaten herri txiki asko daudela esan du. Babesa eskaintzen ziren besteak beste, Alemania, Herrialde Katalanak, Suitza, Kurdistan, Italia eta Flandriako kideak ere. “Europan zehar euskal gazteria konpromiso eta gaitasun handiena duen gazte mugimendutzat jotzen da”, esan du. Hain zuzen ere, estatu espainol eta frantsesak hartu duten bidea horregatik hartzen dutela gaineratu du. Azkenik “Civil & Political rights for the basque youth” manifestuaren puntuak gogorarazi ditu.

Eusko Gudariak abestuz amaitu da ekitaldia.

Bi kontrol

Esan bezala manifestazioa hiru ordu eta erdiko atzerapenez hasi da. Honen arrazoia gazteek atzo Irungo bidesarian eta jarraian Biriatun jasan behar izan zituzten kontrol zorrotzak izan dira. Lehenengo kontrolean Guardia Zibilak gazteak identifikatu zituen. Bigarrenean, ostera, Espainiako Polizia Nazionalak gazteak banan banan autobusetik jaitsi arazi zituen identifikatu eta aurpegiak bideoz grabatuz.

“Argi geratu zaigu gure proiektua den independentziak min ematen diela, beldur direla. Gazteria batu eta gure oihua zabaltzeko hartu dugun indarraz beldur dira”, adierazi dute ekitaldian eledunek. Estatuak euren errepresio estrategia “nazioartean zabaltzearen beldur” direla gaineratu dute.

Argibide gehiagorako: topatu.info
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun