"Atzeko jesarlekua estreinatu aurretik... praktika ezazu" lelopean, 17 eta 23 urte bitarteko gazteei zuzenduko diete "Gidabaimena Euskaraz" ekimena, Getxo udalerrian. Horrela, hainbat publizitate euskarriren bidez, udalerrian dauden 14 autoeskoletatik egitasmoan parte hartzen duten 9ak ezagutzeko aukera emango diete. Autoeskola horien artean, batzuek hezkuntza teorikoa euskaraz ordenagailuaren bidez eskaintzen dute, beste batzuetan prestakuntza teorikoa irakasle batekin ere egitea badago eta beste batzuek irakasle euskalduna ariketa praktikoetan ere jartzen dute. Gainera, azterketa teorikoa egiten duten gazteei klase praktiko bat oparituko diete eta Bizkaiko matrikulatu guztien artean Europan zehar ibiltzeko 3 pertsonentzako Interrail bidaia zozketatuko dute.
Bestalde, egitasmoan parte hartzen duten autoeskolei euskarazko produktuak eskuratzen laguntzeko diru-laguntza emango die Udalak, gehienez jota 600 eurokoa. Era berean, 700 eskuliburu teoriko eta beren mezuak euskaraz ipin ditzaten orri mutu batzuk ere banatuko dizkie. Kanpaina zabaltzeko 15.000 esku-orri, 100 pegatina eta 200 kartel ere banatuko ditu Udalak.
Gaur egun honako material hau dago euskaraz: teoria esku-liburua, programa informatikoa ikasleek bere kabuz ikas dezaten; programa informatikoa irakasleari eskolak prestatzen laguntzeko eta 8 horma irudi. Azterketa teorikoa eta praktikoa egin daitezke euskaraz, Bizkaian hiru aztertzaile euskaldun dabiltzala.